Enpresak

Adegik ohartarazi du soldata igoera handiek inbertsioak «ukituko» dituztela

Lan kostuei buruzko kezka bikoiztu egin da Gipuzkoako enpresen artean bAdegik «‘no comment’» batekin erantzun dio EAJk lan erreformaz esandakoei

Aieza, Junkera eta Sasigain Adegiko arduradunak, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko otsailaren 4a
12:10
Entzun

Adegik argi-ilunekin ikusten du 2022. urtea Gipuzkoako ekonomian. Hazkunde handia espero du, ekonomia pandemiaren mailara itzuliko dela urteko bigarren erdian, 5.000 lanpostu garbi sortuko direla, eta enpresa gehienek salmentak handituko dituztela. Baina ilunei buruz ere ohartarazi du, eta horien artean bat nabarmendu du besteen gainetik: inflazioaren eraginez, «soldata igoera oso handiak» izan daitezkeela, eta horrek «enpresa kutxa eta inbertsioak ukituta uzten» dituztela.

Adegiren inkesta bete duten enpresen kezken artean lehena da lehengaien hornikuntza eta prezioa, %73,5ek uste baitute hori arazoa izango dela. Bigarrena da, berriz, lan kostuen handitzearena —%49,2ren kezka—, baina azken hori da iraileko inkestaz geroztik gehiago hazi dena: kezkatuen kopurua bikoiztu egin da.

Bada hilabete batzuk Adegik aholkatu ziela bere kideei inflazioaren eragina urte batzuetan banatzea bere lan kostuak asko ez igotzeko. «Ezohiko egoera batean gaude, 30 urtean gertatu ez dena. Formula onargarriak bilatu behar ditugu inflazioaren eragina leuntzeko», justifikatu du Jose Miguel Aierza Adegiko idazkari nagusiak, Gipuzkoako patronalaren egoitzan egindako agerraldian.

Aierzaren hitzetan, enpresa batzuk ari dira soldata igoera mailakatuei buruzko akordioak lortzen sindikatuekin, eta beste batzuk, irabazi handiak dituztenak, gai dira soldatak KPIaren arabera eguneratzeko. Baina Aierzak ohartarazi du beste enpresa askok zailtasunak izango dituztela. «ICOren kredituak itzultzen hasi behar duten urte honetan». Elkargik Adegiren ondoko eraikinetik zabaldutako kezkarekin bat egin du Gipuzkoako patronalak ere, eta esan du «zuhurra» izango litzatekeela mailegu publikoak itzultzeko epeak luzatzea.

Hornikuntza kateei dagokionez, ordea, Adegi ez dago guztiz ados Gipuzkoako Bazkundeakesandakoarekin, hots, arazoak arintzen ari direla, «egoera normaltasunetik urrun dagoen arren». Kontrara, Aierzak nabarmendu du enpresen erdiek baino gehiagok aipatu dutela azken hiru hilabeteetan «ezohiko hornidura gabezia» jasan dutela.

%4 eta %5,5 arteko hazkundea

Baina beltzetik bezainbat —edo pixka bat gehiago— du zuritik Adegiren egoeraren irakurketak. Izan ere, Gipuzkoako enpresaburuen elkarteak uste du suspertze betean dagoela lurraldeko ekonomia, eta 2022an beste koska bat egingo duela gora BPGak, %4 eta %5,5 artean. Hala balitz, urteko hirugarren edo laugarren hiruhilekorako espero du pandemia aurreko mailara iristea.

Enpresa gehienek ez dute kexarik beren jarduerarekin. Hamarretik ia bederatzik uste dute beren merkatuetan egoera egoera normala dela edo suspertzen ari dela. Eta hamarretik zortzik diote eskaerak mantenduko direla edo handituko direla. Usteak uste, zenbakiak ez dira txarrak azken hiruhilekoan: %3,8 handitu dira Gipuzkoako enpresen salmentak —%5, aurreko hiruhilekoan—, eta eskaerak beste %2,9.

«'No comment'»

Aierzak ontzat jo du atzo Espainiako Kongresuak lan erreforma berria onartu izana, baina edukiari baino gehiago, akordio bat izateari erreparatu dio, «mundu konplexu honetan akordioak egiteari balioa eman behar zaiolako». Gainera, ELAren eta LABen ildotik, onartu du erreformak ez duela «aldaketa handirik» ekarri.

­Aldi berean, Gipuzkoako patronalak agerian utzi du EAJren jarrerak min eman diela. Andoni Ortuzarrek «xantaia onartezintzat» jo zuen CEOE Espainiako patronalak baldintza gisa jartzea itunaren koma bakar bat ez aldatzea. Hitz horiei buruz galdetuta, «John Benjamin Toshack Realeko entrenatzaile izan zen zenaren esaldi bat erabiliko dut: no comment».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.