Albistea entzun

Innobasqueren tartea

Berrikuntza, hobeto birziklatzeko

Etxeko tresna elektroniko txikien osagaiak birziklatzea eta berriro aprobetxatzea eraginkorragoa izan daiteke herritarren inplikazioari esker, eta Indumetal Recyclingek hori sustatzea lortu du ekinaldi bati esker, zeina Innobasqueko Kasu Praktikoen Bankuaren parte baita jada.

Indumetal Recycling-ek sortutako edukiontzi adimenduna
Indumetal Recycling-ek sortutako edukiontzi adimenduna INNOBASQUE

Telefono finkoak eta sakelakoak, tabletak, irratiak, bideo jokoen kontsolak, erloju elektronikoak, ordenagailu eramangarriak, liburu elektronikoak, USB memoriak, kanpoko disko gogorrak, jarduera eskumuturrekoak, kamerak eta bideo aparatuak, robot xurgagailuak, txigorgailuak… hondatu egiten dira, eta oso gutxitan eramaten dira konpontzera. Zuzenean, bota egiten dira. Eta asko edozein edukiontzitan, gainera, beste edozein motatako hondakinekin nahastuta, haien tamaina txikiak ez baitu justifikatzen hurbilen dagoen garbigunera joatea.

Nazio Batuen Erakundearen arabera, etxetresna elektriko eta gailu txiki horien %20 soilik birziklatzen dira behar bezala, eta horrek ingurumenari kalte bikoitza eragiten dio: batetik, tratamendu egokirik ez izateak ondorioak dakartza, eta, bestetik, fabrikazioan erabili diren eta gailu berriak ekoizteko berrerabil daitezkeen osagai kritiko asko –hala nola metalak eta mineralak– zabortegira doaz, eta ez dira aprobetxatzen.

Birziklatzeko interesa pizteko, Indumetal Recycling Erandioko enpresak CIRC4Life proiektuan parte hartzen du: Europako Batzordeak finantzatzen du proiektua, H2020 programaren bidez, eta Innobasqueko Kasu Praktikoen Bankuaren parte da, gailu horien entrega tasa hobetzeko berrikuntzaren aplikazioagatik. Nola? Bada, hondatuta dauden edo erabiltzen ez diren aparatu elektronikoen azken helmugaz nor arduratzen den identifikatuz, eta horregatik sarituz.

Horretarako, edukiontzi adimendun bat sortu du, programa horretarako berariaz diseinatutako software eta aplikazio bati esker: hark trazabilitatea ematen dio entrega prozesu osoari, eta gailu edo etxetresna elektriko txiki bakoitza edukiontzian utzi duen pertsonarekin lotzen du. Nahikoa da sakelakoan programaren doako aplikazioa deskargatzea eta hartan erregistratzea; ondoren, edukiontziak tresna bakoitzari dagozkion puntuak (eko-kredituak) identifikatzen ditu, eta zure erabiltzaile kontuan gehitu.

Indumetal Recycling hondakinen ondorengo bilketaz arduratzen da, eta, bere tratamendu instalazioan, gailuaren egoera, antzinatasuna eta osagaiak aprobetxatzeko aukerak ebaluatuko ditu. Balorazio horretatik abiatuta erabakiko du zenbat eko-kreditu emango dizkion lehengo jabeari. Izan ere, aholku bat: ez bada aparatua erabiltzen, baina oraindik baldin badabil, komeni da enbalaje batekin uztea, lekualdaketan kalterik ez duela izango ziurtatzeko. Pizgarri horiek edukiontziak instalatzen diren udalerrien eta aldi bakoitzean laguntzen duten erakundeen araberakoak izan daitezke, hala nola tokiko dendetan deskontuak edo erabiltzaileen izenean egindako dohaintzak eta ingurumen egitasmoak.

App-ak, gainera, aukera ematen du hurbileneko edukiontzia non dagoen jakiteko; Getxon udalaren laguntzarekin egindako programa pilotuan frogatu denez, kokapen iraunkorrak izan ditzakete –hala nola ikastetxeetan–, baina baita txandakakoak ere –hala nola gizarte etxeetan–, eremu handiagoa hartzeko. Hori posible egiteko, edukiontziaren diseinua gimnasioko armairu batenaren oso antzekoa da, eta instalatzeko elektrizitatea eta estaldura besterik ez da behar.

Indumetal Recyclingek Europako funtsak jaso ditu, eta Getxoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren (Ihobe) laguntza izan du proiektua martxan jartzeko; orain, proba pilotuan lortutako emaitzak eta ekinaldia beste herri batzuetan nola ezarri aztertzen ari da.

Albiste gehiago

Familia bat, Wow parkean ongi pasatzen. ©WOW PARK

Abentura naturaren erdian

Berria

Naturaz eta abenturaz gozatzeko jarduera ugari egin daitezke Urruñako Wow parkean. Familia osoak ederki pasatuko du.

Emozio berriak Eureka! Zientzia Museoan. ©EUREKA! ZIENTZIA MUSEOA

Zientzia ikuskizunak, bisita gidatuak, saioak planetariumean eta errealitate birtualeko simulagailuak

Eureka zientzia museoa

Udara honetan hainbat jarduera berezi eskaintzen dizkiegu Eureka! Zientzia Museoan haurrei eta helduei, familian edo lagun artean ondo pasatzeko.

Gamere-Zihigako Lamina Ziloa. ©GUILLAUME FAUVEAU / IPARLASS

Lamina Ziloa

Berria

Gamere-Zihigako Lamina Ziloan ur termalak daude, propietate sendagarriak dituztenak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Innobasque

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.