Osasungintza

Sindikatuek bi greba egunetara deitu dute Osakidetzan, otsail bukaerarako

Otsailaren 25ean lehen arretan egingo dute lanuztea; hilaren 28an, Osakidetza osoan. Tartean, manifestazioak eginen dituzte: otsailaren 26an, Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Gainera, mahai sektorialean planto egingo dutela jakinarazi dute SATSEk, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk.

jarraia209320.jpg
Maite Asensio Lozano.
2022ko otsailaren 7a
11:29
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetzako zuzendaritzaren «immobilismoa» ikusita, mobilizazioetara joko dute berriro sindikatuek. SATSEk, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk gaur Bilbon iragarri dutenez, bi greba egun egingo dituzte otsail amaieran: hilaren 25ean lehen arretan izango da lanuztea, eta 28an, berriz, Osakidetza osoan. Bi greba egunen artean, asteburua baliatuko dute protesta herritarrengana zabaltzeko: otsailaren 26an, larunbatarekin, manifestazioak antolatuko dituzte Bilbon, Gasteizen eta Donostian, 12:00etan, osasungintza publikoaren defentsan.

Haserre agertu dira sindikatuetako ordezkariak gaur, mobilizazioen berri emateko Bilbon egin duten agerraldian. SATSEko Amaia Mayorrek eta ELAko Esther Saavedrak adierazi dutenez, urtarrilaren 23an hiriburuetan egindako mobilizazio jendetsuen ondoren, Jaurlaritzak «ez du irtenbide bakar bat ere planteatu», eta are, «murrizketa gehiago» egin ditu; adibide gisa jarri dute Gasteizko Santiago ospitaleko larrialdiak itxi izana. «COVID-19aren krisiak larriagotu egin ditu lehen zeuden egiturazko arazoak», berretsi dute.

Baina, mobilizazioetara deitzeaz gain, sindikatuek erabaki dute mahai sektorialean planto egitea. Izan ere, salatu dute Osasun Sailak «edukiz hustu» duela espazio hori: «Aspalditik, informazioa emateko esparrua baino ez da. Bertan ez da ezer negoziatzen, eta Osakidetzak inposatu egiten ditu landu beharreko gaiak eta edukiak». Hala, ohartarazi dute ez dutela mahai sektorialean berriro parte hartuko, «benetako negoziazioa planteatu» arte. «Gure osasun sistema publikoaren kudeatzaileen izaera antidemokratikoa gero eta larriagoa da».

Era berean, azken manifestazioen ondoren Gotzone Sagardui sailburuak egindako adierazpenak kritikatu dituzte. Familia medikuak eta pediatrak falta direla esan zuen agintariak, baina sindikatuek esan dute erabaki politikoen ondorio dela egoera hori: «Belaunaldi erreleboa ez da planifikatu: sisteman sartzen direnak baino profesional gehiago erretiratzen ari dira». Erantsi dute baldintza okerrek ere uxatu egin dituztela lehen arretako langileak: «Beste espezializazio batzuetara ihes egin dute, edo atzerrira».

Herritarrekin aliantza

«Lan zentroetako egoera gero eta prekarioagoa da, eta Osakidetzaren erantzuna da propaganda egitea eta aitzakiak bilatzea», mintzatu dira, gogor, sindikatuetako ordezkariak. Gogora ekarri dute hainbat gatazka daudela zabalik osasun sistema publikoan, eta langileak «nekatuta» daudela: «Pandemia aitzakia ezin hobea bihurtu da murrizketa, prekarizazio, inbertsio falta, pribatizazio eta osasungintza publikoaren desegite politikekin aurrera egiteko».

Joera hori ikusita, halere, herritarren erantzuna txalotu dute: «Osasun langileen eta herritarren artean aliantza bat gertatzen ari da, azken asteetan ikusi dugun bezala. Aliantza horrek zalantzan jartzen ditu EAJren gobernuaren osasun politikak». Hortaz, osasun sistemaren erabiltzaileei eta gizarte mugimenduei galdegin diete hilaren 26ko manifestazioan parte hartzea, «osasun publikoa, unibertsala, doakoa, kalitatezkoa eta irisgarria defendatzeko».

Osakidetzari, berriz, eskatu diote «jarrera aldatzeko» eta langileen aldarrikapenak entzuteko, mahai sektoriala berriz martxan jartze aldera. Sindikatuen eskaera nagusiak dira, besteak beste, Osakidetzaren aurrekontua handitzea BPGaren %7ra iritsi arte eta %25 lehen arretara bideratzea, lantaldeak «egoki dimentsionatzea» eta postu berriak sortzea, behin-behinekotasuna %8raino jaistea (%58koa da egun), ordezkapenak lehen egunetik egitea eta arrisku psikosozialak baloratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.