Antzerkia

Shakespeareren obran oinarritutako 'Erresuma' antzezlana estreinatuko du ostiralean Bilboko Arriagak

Calixto Bieitok zuzendu du antzezlana, eta Bernardo Atxagak ekarri du euskarara.

'Erresuma/ Kingdom/ Reino' antzezlaneko lantaldea, gaur goizean, Bilboko Arriaga antzokian egindako aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko otsailaren 7a
17:37
Entzun

«Mirari baten aurrean gaude». Hala esan du Bernardo Atxaga idazleak Erresuma/ Kingdom/ Reino antzezlanaren aurkezpenean, lortutakoa sinetsi nahian-edo. William Shakespeareren tragedia historikoetan oinarritutako obra bat da, eta haien bertsio propioa ontzen aritu da Calixto Bieito, Arriaga antzokiko zuzendari eta antzerki zuzendaria. Berak egin du testuaren moldaketa, eta Bernardo Atxagak itzuli eta egokitu du euskarara. 11 aktoreko lan taldea bilduko da oholtza gainean, eta lehenengoz ostiralean erakutsiko dute emaitza, Arriaga antzokian. Datozen egunetan ere emanaldiak egingo dituzte, eta Bilbon egon ostean nazioartera joko dutela aurreratu dute.

«Hau zen Bilbora iritsi nintzenean buruan nituen proiektuetako bat», kontatu du Bieitok. 2018an hasi zen obrari bueltak ematen, ingelesez, frantsesez, suedieraz eta alemanez lan egin ondoren Shakespeareren hitzak euskaraz edo gaztelaniaz entzuteko «jakin-min handia» zuelako. Idazle ingelesaren tragediak laburtzen dituen egokitzapena egin du zuzendariak. Betiere, «esentzia» mantenduz: «Haren hizkera, bortizkeria eta poesia nabariak dira obran».

Bide horretan, euskal aktoreen talentua ere «erabat presente» izan duela kontatu du: «Obabakoak egin nuenean, ikusi nuen Euskal Herrian talentu handiko antzezleak daudela, eta, horri Bernardo Atxagarekin izandako konplizitatea gehiturik, are gehiago konbentzitu ninduen proiektu hau egiteko». 11 aktorek parte hartuko dute guztira antzezlanean, eta euskal antzerkigintzako izen ezagunak daude zerrendan: Joseba Apaolaza, Lucia Astigarraga, Ylenia Baglietto, Ainhoa Etxebarria, Miren Gaztañaga, Iñaki Maruri, Koldo Olabarri, Lander Otaola, Eneko Sagardoi eta Mitxel Santamarina. Jose Maria Pou aktore katalanak, berriz, gaztelaniazko taularatzean parte hartuko du. Proiektuaren parte izatea «plazer hutsa» dela azpimarratu dute aktoreek.

«Kasualitatea ez den zerbaiten parte izatea ez da askotan gertatzen, eta uste dut hemen gauden denok dugun sentsazioa dela», esanez abiatu da Sagardoi. Asko gozatzen ari direla nabarmendu du aktoreak, eta ikusleentzat ere hala izatea espero du: «Shakespeare ezagutzen ez duenak asko gozatuko du, gai ugari lantzen direlako, eta baita Shakespeare ezagutzen duenak ere: hari solte ugari aurkituko ditu». Bagliettok antzokietara hurbiltzeko deia egin du: «Euskal Herriko antzokietan gutxitan ikusi den obra bat da, desberdina, eta ikusleengan iltzatuta geratuko dela uste dut».

Atxagak ekarri du antzezlana euskarara, eta Bedita Larrakoetxeak egindako itzulpena hartu du abiapuntu gisa. Hala ere, moldaketa batzuk egin behar izan dituela aitortu du, hizkuntzak «etengabe» aldatzen ari direlako: «Euskarak sekulako aldaketa izan du, une oro ari da aldatzen, eta horrek asko zaildu du lana». Gustura geratu da emaitzarekin, eta, bide batez, Shakespearek egindako lana ere azpimarratu nahi izan du: «Denok dakigu Shakespeare egon daitekeen egilerik sakonena izan dela: giza arimaren zirrikitu guztietan sartu zen».

Proposamen indartsua

Estetikoki zein bisualki «oso proposamen indartsua» dela nabarmendu dute lantaldeko kideek. «Familia arteko gerra zibil bat dago antzezlanaren oinarrian», laburbildu du Bieitok. XV. mendeko Ingalaterran dago girotua, eta, besteak beste, indarkeria, gorrotoa, ustelkeria, maitasuna, zalantza, sumina eta mendekua izango dira obran landuko dituzten gaietako batzuk. Era berean, Shakespeareren tragedietako pertsonaiak izango dira protagonista. Tartean, Rikardo II.a, Henrike IV.a, Henrike V.a, Henrike VI.a eta Rikardo III.a.

Oholtzak berak ere keinu egingo dio poesia garaikideari: oso gaur egungoa den planteamendu eszeniko bat aukeratu dute. Zehazki, instalazio bat dirudien agertoki zuri eta argiztatu bat aurkeztuko da ikusleen begien aurrean. Hala, antzezleek berek ere parada izango dute pertsonaiak «modu aske eta intuitiboan» eraikitzeko. Horrez gainera, ikus-entzunezko baliabideak ere erabiliko dituzte, zuzendariak azaldu duenez.

Pandemiaren ondorioz, egun batez atzeratu behar izan dute Erresuma/ Kingdom/ Reino antzezlanaren estreinaldia. Berez, ostegunean ziren obra aurkeztekoak, baina lantaldeko zenbait kideren positibo kasuen ondorioz, ostiralera atzeratu behar izan dute euskarazko estreinaldia. Aurrerantzean beste hiru saio ere egingo dituzte euskaraz: hilaren 12an, 13an eta 24an, 19:00etan. Gaztelaniazko estreinaldia, berriz, datorren asteburuan izango da, otsailaren 17an, eta hurrengo egunetan beste sei emanaldi eskainiko dituzte.

Bilboren ondotik, badituzte egun batzuk zehaztuta, besteak beste Iruñean, Madrilen, Santanderren (Espainia), Donostian, Gasteizen eta Getxon (Bizkaia). Aurrera begira, berriz, Europan zehar bira bat egiteko asmoa ere badute. «Ea Obabakoak-ekin bezala antzezlan honekin ere publikoa zutik jartzeko gai garen», esan du barrez Bieitok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.