Homofobia

LGTBI kolektiboaren aurkako hainbat pintaketa egin dituzte Gasteizko Arantzabela ikastetxean

Arantzabela Ikastolako kideek berdintasunaren alde eginiko horma irudi batean egin dituzte pintaketa iraingarriak. Ikastetxeeko kideek gertaera salatu dute. Gasteizko Ikusgune behatokiak ere gaitzetsi egin du ekintza, eta nabarmendu «salaketa soziala» egin behar dela.

Arantzabela Ikastolan asteburuan azaldutako margoketa iraingarriak. ARANTZABELA IKASTOLA
Nagore Arin.
2022ko otsailaren 8a
10:47
Entzun

«Fuck LGTBI», «Fuck maricones», «Putos gays» eta LGTBI kolektiboaren aurkako beste hainbat pintaketa egin dituzte Gasteizko Arantzabela ikastetxearen jolastokian. Ikastola horretako ikasleek berdintasunaren eta aniztasunaren alde eginiko horma irudi baten gainean egin dituzte pintaketa horiek. Duela zenbait hilabete ere agertu ziren gisa horretako pintaketa iraingarriak, LGTBI mugimenduaren aldeko beste mural batean. Orduko hartan, Umandi Ikastolako kideek eginiko horma irudi baten gainean agertu ziren, eta «Esto con Franco no pasaba», «Marikas» eta antzeko mezu laidogarriak jarri zituzten.

Arantzabela Ikastolako komunitateak berehala gaitzetsi du LGTBI mugimenduaren aurkako ekintza. Sare sozialen bitartez salatu du gertakizuna, eta irmoki adierazi du horrelako jarrera eta ekintza baztertzaileak salatzen dituztela. «Horrelako jarreren aurrean, eskola komunitateak bat egiten du pertsonen duintasunaren kontra eta ikastolan egindako lan artistiko, aldarrikatzaile eta parte hartzailearen aurkako ekintza iraingarri hau salatzeko», azaldu dute.


Arantzabela Ikastolako kideek eginiko murala, LGTBI kolektiboaren aurkako pintaketa iraingarriak egin baino lehen. ARANTZABELA IKASTOLA

Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak ere salatu egin du gorroto ekintza. «Larritasunez ikusten dugu gertatu dena; izan ere, pintada horien bidez, egileek mezu bat helarazi nahi izan diote LGTBI+ kolektiboari, eta are larriagoa da hori hezkuntza zentroetan gertatzen bada, mezu horiek bertara joaten diren haurrei helarazten saiatuz», nabarmendu dute sareetan plazaratutako ohar batean. Halaber, gaineratu dute azken hilabeteotan Gasteizen argi erakutsi dela ez daudela prest kaleetan gorrotorik onartzeko, eta azpimarratu dute «salaketa soziala» ezinbesteko tresna dela horrelako «gorroto diskurtsoei» aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.