Industria

EBk laguntza publikoak emango ditu txip fabrikak eraikitzeko

2030. urterako laukoiztu egin nahi du erdieroaleen ekoizpena kontinentean, merkatu kuota %9tik %20ra igo ahal izateko. Mikroprozesatzaile berritzaileak egiteko laguntzak ere emango ditu.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, gaur, Bruselan. VIRGINIA MAYO / EFE
Iker Aranburu.
2022ko otsailaren 8a
11:57
Entzun

Diru poltsa publikoari astindua emango dio Europako Batasunak mikrotxipen edo erdieroaleen ekoizpenean pilatutako atzerapena gutxitzeko. Hamarkada amaitzen denerako mikrotxipen ekoizpena orain halako lau izatea nahi du, eta horretarako bideetako bat izango da laguntza publikoak ematea kontinentean erdieroaleen fabrika handiak egiteko. Mikrotxip berritzaileak egiteko laguntzak ere emango ditu Bruselak.

Gaur egun, EBk munduko mikrotxipen %9 ekoizten ditu, eta Bruselaren asmoa da 2030erako %20ra iristea. Hamarkada honetan produktu horien eskaria bikoiztu egingo dela uste du, gero eta produktu gehiagotan erabiltzen direlako: telefonoak, ordenagailuak, autoak, etxeko tresnak... Gauzak horrela, merkatu kuota bikoizteak esan nahi du produkzioak orain halako lau izan beharko lukeela.

Azken urteetan Hego Korean eta Taiwanen bildu da erdieroaleen ekoizpenaren zati handi bat. Handik inportatzea aurrerantzean ere derrigorrezkoa izango dela onartu du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, baina mendekotasuna gutxitu behar dela ziurtatu du, eskasia eragiten duelako lehia handia dagoenean.

Hori da, hain zuzen ere, azken hilabeteetan gertatutakoa. Konfinamenduak etxetik lan egitera, eskolak ematera edo aisialdia teilatupean egitera bultzatu zituen ehunka mila herritar, eta horrek ordenagailu, kontsola, telebista eta bestelako tresna elektronikoen gorakada ekarri zuen. Aldi berean, ekoizpena geratu egin zen beste sektore batzuetan, eta, berriro abiatu zirenean, ohartu ziren haientzat ez zegoela nahikoa txip.

Horrek gerarazten ditu Europako auto fabrikak, oraindik orain. Autogintzak erdieroaleen %10 baino ez ditu kontsumitzen, baina haien eskaria handitzean beste sektore batzuetara zabaldu dira hornidura arazoak.

43.000 milioi

Batzordeak atzo proposatutako planak 43.000 milioi euro inbertitzea ekarriko luke. Horietatik 30.000 milioi Next Generation planean estatukideek agindutako inbertsioak dira. Diru horren zati handi bat fabrika berriak eraikitzen laguntzeko erabiltzea nahi du Bruselak, eta horregatik agindu du inbertsioak erraz baimenduko dituela, betiere proiektu berritzaile bat bada. Kasu horretan, «eta proiektuak Europa osoari lagunduz gero», lantegiak EBn jartzea dakarren gainkostuaren %100 diru publikoarekin estaltzeko prest dago.

Gainera, Bruselak beste 11.000 milioi jarriko lituzke kontinentean mikrotxip berritzaileak ikertzeko, eta beste 2.000 milioi sektoreko start-up-en sorrera bultzatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.