Zinema

'The Power of the Dog' eta 'Dune' filmek lortu dute izendapen gehien Oscar sarietarako

Lehen aldiz izendatu dute Japoniako film bat filmik onenaren kategorian: Drive My Car. Alberto Iglesias donostiarra musikarik onenaren sarirako izendatu dute, Madres paralelas filmarengatik.

Benedict Cumberbatch, 'The Power of the Dog' filmean. BERRIA
Andoni Imaz.
2022ko otsailaren 8a
14:54
Entzun

Hollywoodeko Zinemako Arte eta Zientzien Akademiak gaur eman ditu aditzera 94. Oscar sarietarako izendapenak. Martxoaren 27an banatuko dituzte. Leslie Jordan eta Tracee Ellis Ross aktoreek eman dute filmen berri. Hamar film izendatu dituzte filmik onenaren kategorian, azken urteetan baino gehiago:Belfast, Coda, Don't Look Up, Drive My Car, Dune, King Richard, Licorice Pizza, Nightmare Alley, The Power of the Dog eta West Side Story.

Jane Campionen The Power of the Dog eta Denis Villeneuveren Dune filmek lortu dituzte izendapen gehien; Campionen westernak hamabi, eta Villeneuveren zientzia fikziozko abenturak hamar. Zenbakitan,hurrengoak hauek dira: Kenneth Branaghen Belfast (7), Steven Spielbergen West Side Story (7) eta Reinaldo Marcus Greenen King Richard (6).

Zuzendaririk onenaren sarirako izendatu dituzten bost zinemagileak filmik onenaren kategoriako hautagaiak ere badira: Paul Thomas Anderson (Licorice Pizza), Branagh, Campion, Hamaguchi eta Spielberg.

Spielberg zortzigarrenez izendatu dute zuzendaririk onenaren sarirako; soilik beste hiruk lortu dute hori: Martin Scorsesek, Billy Wilderrek eta William Wylerrek. Gainera, bera da kategoria horretan sei hamarkadatan hautatu duten bakarra.

Nabarmentzeko modukoa da Ryusuke Hamaguchiren Drive My Car-ek lortu duena: lehen aldiz izendatu dute Japoniako film bat kategoria nagusian. Gainera, beste hiru izendapen lortu ditu: zuzendaririk onenaren, egokituriko gidoirik onenaren eta nazioarteko filmik onenaren sarietarako, hain zuzen.

Horrek beste mugarri bat ekar lezake gogora. 2020an, Bong Joon-horen Gisaengchung (Parasite) ingelesez besteko lehen lana izan zen filmik onenaren saria irabazten. Lau kategoria horietan irabazi zuen, hain zuzen —gidoi hura jatorrizkoa zen, ez egokiturikoa—.

Aurtengo izendapenetako beste berezitasun bat da Jonas Poher Rasmussen Flugt filmak lortu duena.Filmak migratzaile afganiar baten bizipenak kontatzen ditu animazioaren bidez, eta hura izan da hiru kategoria hauetarako izendatu duten aurreneko lana: nazioarteko filmik onenarena, dokumentalik onenarena eta animaziozko filmik onenarena.

Bestalde, Alberto Iglesias musikagile donostiarra laugarren aldiz izendatu dute musikarik onenaren kategorian, Pedro Almodovarren Madres paralelas filmean egindako lanarengatik. Aurrean izango ditu Nicholas Britell (Don't Look Up), Germaine Franco (Encanto), Jonny Greenwood (The Power of the Dog) eta Hans Zimmer (Dune).

Jatorrizko gidoirik onena:
Belfast - Kenneth Branagh
Don't Look Up - Adam McKay, David Sirota
King Richard - Zach Baylin
Licorice Pizza - Paul Thomas Anderson
Verdens verste menneske - Joachim Trier, Eskil Vogt

Egokituriko gidoirik onena:
Coda - Sian Heder
Drive My Car - Ryusuke Hamaguchi, Takamasa Oe
Dune - Jon Spaihts, Denis Villeneuve, Eric Roth
The Lost Daughter - Maggie Gyllenhaal
The Power of the Dog - Jane Campion

Argazkirik onena:
Dune - Greig Fraser
Nightmare Alley - Dan Laustsen
The Power of the Dog - Ari Wegner
The Tradegy of Macbeth - Bruno Delbonnel
West Side Story - Janusz Kaminski

Muntatzerik onena:
Don't Look Up - Hank Corwin
Dune - Joe Walker
King Richard - Pamela Martin
The Power of the Dog - Peter Sciberras
Tick, Tick... Boom! - Myron Kerstein, Andrew Weisblum

Musikarik onena:
Don't Look Up - Nicholas Britell
Dune - Hans Zimmer
Encanto - Germaine Franco
Madres paralelas - Alberto Iglesias
The Power of the Dog - Jonny Greenwood

Dokumentalik onena:
Ascension (Jessica Kingdon)
Attica (Stanley Nelson)
Flugt (Jonas Poher Rasmussen)
Summer of Soul (...Or, When the Revolution Could Not Be Televised) (Questlove)
Writing with Fire (Sunshmit Ghosh, Rintu Thomas)

Animaziozko filmik onena:
Encanto (Jared Bush, Byron Howard, Charise Castro Smith)
Flugt (Jonas Poher Rasmussen)
Luca (Enrico Casarosa)
The Mitchells vs. the Machines (Michael Rianda, Jeff Rowe)
Raya and the Last Dragon (Don Hall, Carlos Lopez Estrada, Paul Briggs, John Ripa)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.