Innobasqueren tartea

Berritu, hobeto monitorizatzeko

Biolan 2006az geroztik ari da elikadura industrian eta osasun sektorean aplikatutako diagnosirako biosentsoreak garatzen, eta ekipamenduan belaunaldi berri bat merkaturatzeko zorian dago: arrakastaz gehitu dizkio ekodiseinua eta konektagarritasuna, eta, berrikuntza horiei esker, enpresa Innobasqueren Kasu Praktikoen Bankuan sartu da.

Biolanen diseinu berriko biosentsorea. INNOBASQUE
2022ko otsailaren 9a
13:22
Entzun

Edozein enpresak, baita produktuen heldutasunaz harro daudenek ere, erronka handia dute aurrean: horiek jasangarriago bihurtzea. Gaur egun, ekodiseinua merkatuaren eskakizuna da, baina, batez ere, jokabide irizpide bat, gizarte erantzukizunaren adierazgarria, eta, beraz, funtsezkoa da enpresak bizirik iraun dezan. Gainera, erronka handia da; izan ere, batzuetan berrasmatzea eskatzen du. Biolan enpresak aurre egin zion erronka horri, eta ekipamendu biosentsoreen belaunaldi berria diseinatu zuen. Biolanek Bizkaiko Zientzia eta Teknologi Parkean du egoitza.

Biolan gure ekonomiako ezkutuko txapeldun horietako bat da. Hau da, munduan punta-puntakoak diren Euskadiko 30 enpresetako bat da, merkatu nitxo jakin batean. Haien nitxoa zera da, teknologia analitiko biosentsorikoaren aplikazioa bi sektore garrantzitsutan: elikaduran eta osasunean. Elikadura segurtasuneko eta osasun diagnosirako ekoizten dituen biosentsoreek aukera ematen dute mahatsaren heldutasun mailaren berri izateko; arrainaren, itsaskiaren eta esnekien kalitatea bermatzeko, eta baita COVID-19arekin kutsatu garen edo laktosarekiko intolerantzia dugun jakiteko ere.

Neurketa horiek egiteko erabiltzen diren ekipamenduetako asko eramangarriak dira; beraz, biosentsoreen belaunaldi berriaren hobekuntzak bi ildo paralelotan banatu behar ziren. Alde batetik, ekipamenduen eta haien kontsumigarrien –biotestak– ingurumen eragina murriztu behar zen bizi zikloaren etapa guztietan, eta, beste alde batetik, digitalizazioaren abantaila guztiak eskaini behar zituzten.

Lehena lortzeko, ekipamendu konpaktuagoak sortu behar ziren, poltsikoetan sartu ahal izateko modukoak, eta, aldi berean, fidagarriak, zehatzak, azkarrak eta sendoak izan behar zuten. Osagai elektroniko guztiak miniatura bihurtzeko, System on a Chip (SoC) teknologiara jo beharra zegoen. Bestalde, ordura arte fabrikazioan erabilitako elementu plastikoak murrizteko aukera ere aztertu zen, bai neurtzeko ekipamendu eramangarrietan eta bai biotestetan.

Eraldaketa digitalari dagokionez –Biolan enpresarena berarena, baina baita produktuak garatzeko sektoreena ere–, ekipamendu berriek konektagarritasunean oinarritu behar zuten, datuak hodeian biltegiratzeko eta kudeatzeko prozesua errazte aldera. Monitorizazio analitiko adimendun eta integral hori bermatzeko, enpresak plataforma digital propioa sortu du, eta aukera ematen dio bezeroari emaitzak ikusi eta deskargatzeko. Horrela, egindako analisi guztien jarraipen globala egin dezake, baita alertak eta txostenak konfiguratu ere.

Prozesu osoan, Biolan enpresak hainbat bazkide izan ditu, besteak beste Dhemen –diseinu industrialean–, Larrañaga Plasticos –plastikoaren
injekzioan–, eta Tekniker (SoC sisteman oinarritutako elektronika ezartzen). Gainera, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kudeaketarako Sozietate Publikoaren (Ihobe) eta SPRIren I+G egitasmoak sustatzeko Hazitek programaren laguntza publikoak jaso ditu. Ekodiseinu eta konektagarritasun irizpide berri horiekin fabrikatutako lehen ekipamenduak akuikulturako ur tankeen sulfito kontzentrazioak neurtzeko erabiltzen dira, baina enpresa jada aztertzen ari da beste sektore batzuetan ezartzeko aukera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.