Libia

Libiako lehen ministroak dio ez duela onartuko bere ordezkoaren zilegitasuna

Ordezkarien Ganberak bihar egingo du beste gobernuburu bat aukeratzeko bozketa. NBEk ohartarazi du herrialdea «nahaspilara eta desadostasunera itzuliko» dela erakundeak «bikoiztuz gero».

Abdul Hamid Dbeibah Libiako behin-behineko lehen ministroa, artxiboko irudi batean. STR / EFE
ander perez zala
2022ko otsailaren 9a
14:10
Entzun

Libian gutxi iraun du batasun gobernuaren inguruan zegoen adostasunak. Iazko abenduaren 24an presidentetzarako eta parlamenturako bozak egin behar zituzten, baina, lehenik topaketa hori hilabete atzeratu, eta gero data finkorik gabe utzi zuten, desadostasun politikoak eta segurtasun arrazoiak argudio hartuta. Horrek are gehiago okertu zuen Abdul Hamid Dbeibah buru duen lantaldearen eta Ordezkarien Ganberaren arteko harremana, eta, aurrerapausorik eman ez dutela «ikusirik», parlamentuak erabaki zuen Dbeibahren ordezko bat aukeratzea lehen ministro posturako. Egungo kargudunak, baina, bere zilegitasuna defendatu du asteon, eta krisi politikoa gehiago handitu dezakeen jarrera hartu: ez duela biharko bozketaren emaitza onartuko.

Libiako behin-behineko lehen ministroak behin eta berriz esan du GNU Batasun Nazionaleko Gobernuaren baliozkotasunak bere horretan jarraitzen duela, eta agintean segituko dutela «egiazko bozak» egin arte. Hain justu, Dbeibah izan zen presidentetzarako hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztu zuen politikarietako bat, baina oposizioa kritiko agertu zen horrekin, argudiatu baitzuen ez zituela baldintzak betetzen; besteak beste, kargu publikoa uztea bozen eguna baino hiru hilabete lehenago, legeak dioen modura.

Lege hori Ordezkarien Ganberak onartu zuen, baina ez zuen HCS Estatuko Kontseilu Gorenaren —NBE Nazio Batuen Erakundeak sorturiko goi ganberaren— babesa jaso, esan baitzuen «adostasunik edo legezko bozketarik gabe» onartu zutela.

Khalifa Haftar ekialdeko militarraren eta Saif al-Islam Gaddafi, Muammar Gaddafi herrialdeko agintari izan zenaren (1969-2011) semeetako baten hautagaitzek ere eztabaida handia sortu zuten beste sektore batzuetan, batez ere mendebaldean, biei ala biei gerra krimenak leporatu baitizkiete. Nazioarteko Zigor Auzitegiak, gainera, Gaddafi semearen atxiloketa eskatua du.

Bien bitartean, GNUk agintean jarraitu nahi du, eta, gainera, uste du hauteskundeak egin aurretik «beharrezkoa» dela konstituzio berri bat idaztea. Hala, Aguila Saleh parlamentuko presidenteari egotzi dio herrialdea «are gehiago zatitu nahi» izatea biharko bozketarekin, nahiz eta Salehk adierazi duen diputatuek adosturiko bide orri bati jarraitzen ari dela.

Parlamentariek hamalau hilabeteko prozesu bat negoziatu zuten bozak egiteko, eta horrek aurreikusten du gobernuburu berria aukeratzea bozketa baten bidez, argudiatuta egungo kargudunaren agintaldia iragan abenduaren 24an amaitu zela; ordezkari politikoek HCSren babesa jaso zuten, eta horrek are gehiago indartu zuen haien jarrera.

Aldiz, Dbeibahk aldeko du NBEk eta Mendebaldeko aliatuek batasun gobernua aitortzen dutela herrialdeko zilegizko aginte gisa, eta jarrera finkoa duela bozen egunaz, ekainean egin nahi baititu. Gaur esan duenez, hilabete horretara arte jarraituko du haren gobernuak agintean.

Herrialdearen zatiketa

Asteotako talka herrialdeko zatiketaren isla ere bada, Dbeibah eta haren gobernua NBEk sustaturiko prozesu baten bidez aukeratu baitzituzten, iragan urtean; eta Ordezkarien Ganbera, berriz, 2014an egindako hauteskundeen ostean —%18koa izan zen parte hartzea—. Gainera, GNUren osaketa herrialdeko bi gobernuak elkartzeko saiakera bat izan da, baina biharko bozketak testuinguru horretara itzul lezake herrialdea.

Horretaz aritu da gaur NBEren bozeramaile Farhan Haq, Libiako politikariek ohartarazi baitiote herrialdea «nahaspilara eta desadostasunera itzuliko» dela erakundeak «bikoiztuz gero». Izan ere, Haqen iritziz, ez da aurrerapausorik izan «urteotako etsaitasuna» gainditzeko helburuan: «Aurrera egiteko modua gobernu elkartuago bat izatea eta banku sistema batuago bat izatea da. Bozek balio behar dute herrialdeko batasuna indartzeko».

Egunotako egoeraren lehen zantzua iragan irailean eman zuten diputatuek, GNUren kontrako konfiantza mozio bat onartu baitzuten, nahiz eta erabaki zuten behin-behinean agintean jarraituko zuela abenduko bozak egin arte.

Ordezkarien Ganberaren pazientzia, ordea, amaitu egin da, eta bihar bi politikariren arteko hautua egin beharko dute: Fathi Baxaga Barne ministro ohia eta Khalid al-Baibas aholkulari izandakoa dira Dbeibahren ordezko izateko hautagaitza aurkeztu dutenak.

Hamar urte pasatxo dira NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen hegazkinek Gaddafi aitaren konboiari eraso ziotela, eta hilketa horren ondorio da Libiaren egungo zatiketa. 2012an parlamenturako hauteskundeak egin zituzten, baina islamistek ez zituzten onartu emaitzak, eta bitan zatitu zen herrialdea: bozen garaileak ekialdean gotortu ziren, eta Haftarrekin aliatzea beste aukerarik ez zuten izan.

Mendebaldean, NBEk trantsiziorako gobernu bat osatzea adostu zuen islamistekin, eta, urteak pasatu ahala, Fayez al-Serraj buru duen GNA izeneko gobernuan barreiatu ziren. Hark kargua utzi ondoren, nazioarteko erakundeak GNU osatzeko prozesua abiatu zuen, eta iazko abendurako bozak aurreikusi. Hilabeteotan, baina, ez dute lortu hauteskunderik egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.