Mendia

Alex Txikonek bertan behera utzi du Manaslura neguan igotzeko saioa

Elurte handia espero dute datozen egunetarako. «Zain egon gara, eta zain egote horretan nekatu egin gara, asko», adierazi du alpinistak.

Alex Txikon, duela bost eguneko saioan. ALEX TXIKON
Edu Lartzanguren.
2022ko otsailaren 9a
19:29
Entzun

«Hemen ez dago zer eginik». Eguraldiak behartuta amore eman du Alex Txikon alpinista (Lemoa, Bizkaia, 1981) buru duen taldeak. Neguan Manaslura (Nepal, 8.163 metro) igotzea zen helburua. Munduko mendirik garaienetan zortzigarrena da.

«Azkeneko eguna da hau, negua oso gogorra izan da; elur asko bota du. Egun gutxi batzuk izan dira onak. Zain egon gara, eta zain egote horretan nekatu egin gara, asko. Berriro esan digute eguraldi txarra datorrela», adierazi du kirolariak, kanpamentu nagusitik bidalitako bideo batean. Espediziokideekin agertzen da hor Txikon, eta etxera itzultzeko erabakiaren berri ematen dute. «Nahiago dugu osasuntsu jaitsi eta lagun bezala jaitsi».

Urtarrilaren 29an itzuli zen taldea kanpalekura, hiru astez eguraldi txarrak hura uztera behartu ostean.

Txikon iaz saiatu zen lehenbizikoz Manaslura igotzen. Iñaki Alvarez zumarragarrarekin eta Simone Moro italiarrarekin abiatu zen Nepalera. Espedizioak zazpi aste iraun zuen, eta bi aldiz lortu zuten 7.000 metro ingurura igotzea, baina ezin izan zuten gorago heldu.

Helburua lortzeko irrikaz zegoela esan zuen Txikonek. «Egiten dudanak ez banindu beteko, aspaldian izango nituzke utziak neguko espedizioak. Aurten, berriro ere, oso motibatuta noa. Oso ondo prestatu naiz, baina, agian, iritsi, eta hiru metroko elurra topa genezake kanpamentu nagusian».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.