Honduras

Ehunka familia indigena kanporatzea eragotzi du Xiomara Castrok

Enpresari baten arabera, 200 hektarea inguruko lurralde bat bere jabetzakoa da. Lenca indigenenen esanetan, titulu bat dute adierazten duena haiek direla lur horien jabeak.

Hondurasko komunitate indigena bateko kideak, kozinatzen, joan den azaroan. GERMAN REYES / EFE
Igor Susaeta.
2022ko otsailaren 10a
13:27
Entzun

Xiomara Castro Hondurasko presidenteak aginduta, lenca indigenen ehunka familia kanporatzea eragotzi zuten atzo. Hondurasko hedabideek kaleratu dutenez, dozenaka polizia Tierras del Padre herrira —Tegucigalpa hiriburutik hamar bat kilometrora— joan ziren atzo, epaile batekin eta kanporatzea gauzatzeko agindu batekin. Enpresari baten arabera, 200 hektarea inguruko lurralde hori bere jabetzakoa da, eta 10.000 bat etxe eraiki nahi ditu han. Baina, indigenen ordezkarien esanetan, titulu bat dute, 1739. urtekoa, adierazten duena haiek direla lurralde horren jabeak.

Joan den urtarrilaren 27an hartu zuen presidente kargua Castrok, eta Copinh Hondurasko Elkarte Herrikoi eta Indigenen Kontseilu Zibikoak opari sinboliko bat egin zion, hiriburuko Estadio Nazionalean aurrera eramandako zeremonian: indigenen aginte makila. Komunitateari zerbitzu bat eskaintzeagatik autoritate bat irabazi duten agintariei soilik ematen zaio hori. Castroren gobernu programak helburu du desberdintasun sozialei, indarkeriari, segurtasunik ezari eta aukera faltari aurre egitea, eta, gainera, presidentetzara heldu arteko bidea sektore sozialen eskutik egin du.

Hortaz, hori guztia kontuan hartuta, Castrok eskatuta lenca indigenen lurralde horretara jo zuten atzo Natalia Roque Giza Eskubideen ministroak eta Pedro Amador presidentearen aholkulariak. «Ez dugu onartuko haurdun dagoen emakume baten, haur baten edo edozein herritarren kontrako ez kolperik, ez erasorik», nabarmendu zuen Amadorrek, sare sozialetan hedatu zuten bideo batean ikus zitekeenez.

Beste bideo batean ikus zitekeen emakumezko bat oihuka negarrez, bi seme-alaba altzoan hartuta zituela: «Mesedez, Xiomara [Castro]. Begiak itxita eman nizun nire botoa. Ama zara. Mesedez, ez iezaguzu kendu [lurra]». Eta iritsi ziren gobernuaren ordezkariak. «Hemen gaude komunitate honek defentsarako eskubidea duelako», nabarmendu zuen Roquek, eta gaineratu gobernuak «biztanleriarik zaurgarriena» babesteko konpromisoa duela. Lenca komunitateko ordezkari batek jakinarazi zuenez, negoziatzen ari dira kanporatzea guztiz eragozteko eta «bidezko emaitza bat» lortzeko.

Guatemalan, kexu

Agua Calienteko (Guatemala) maien erreserbako ordezkariek eskatu diote Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrari arduraz jokatzeko, ez dagoelako legedirik haien lurren jabetza kolektiboa bermatzeko. Kexu dira, gainera, beren lurretan meategi bat dagoelako eta ez zietelako baimenik eskatu hura eraikitzeko. Iruditzen zaie, gainera, estatuak ez ziela aukerarik eman aurrez kontsulta egiteko —nahiz eta horretarako eskubidea duten—, eta baimenak, kontzesioak eta lizentziak zuzenean eman zizkiola enpresari. «Ez zitzaion galdetu komunitateari. Indigenak sufritzen duenean, inor ez da arduratzen», nabarmendu du gaur Rodrigo Tot indigenen liderrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.