Mateo Guilabert

«Asko hunkitzen nau jendearen maitasunak; ondo sentiarazten nau»

Eibar futbol taldearen «ahotsa» izan da Guilabert urte askoan, eta oraindik hala da. Herriko beste hainbat arlotan ere jardun du, eta saririk onena jaso du ordainetan: jendearen esker ona.

Maria Ortega Zubiate -Gipuzkoako Hitza
2022ko otsailaren 11
16:18
Entzun

«Gazte» sentitzen da Mateo Guilabert (Bartzelona, 1929), «Jainkoak nahi badu» aurtengo martxoan 93 urte beteko baditu ere. Eibar futbol klubaren «ahotsa» izateagatik da ezaguna herrian, 1968tik gizonezkoen taldeko kronikaria izan baita. Baina Guilaberten jarduna futboletik askoz harago doa; horren froga dira etxean dituen hamarnaka oroigarriak. Argazkilaritza, musika eta jubilatuen elkartea ere izan ditu jardute eremu, besteak beste. Erretiroa hartu zuenetik 30 urte pasatu direla, «oraindik erretiratu ezinda» dabilela dio: «Ez dakit-eta ezetzik esaten!». Herri baten eta haren historiaren kronikaria izan da, Eibarrena, eta herriak badaki hori: horren erakusle dira bizitza osoan jasotako aitortza guztiak.

Inor gutxik jakingo du Bartzelonan jaioa zarela…

Ni Bartzelonan jaio nintzen, bai; baina ama nafarra nuen. Gure aita 1936ko uztailean hil zen, eta handik egun gutxira hasi zen gerra. Bartzelonan bizi ginen, eta gerrak eta goseteak han harrapatu gintuzten. Gerra bukatu zenean, amak hiru semeak hartu, eta Nafarroara etorri ginen: Mendigorrira, hangoa baitzen. Aitona-amonekin eta familiarekin bizi izan ginen han.

Eta handik, Eibarrera?

Ez. Eibarrera etorri aurretik Zarautzen egon nintzen, sei urtez. Kontua da nik oso gustuko nuela musika, eta Mendigorriko musika bandan nenbilela. Gure zuzendaria Zarauzko bandako zuzendariaren lagun handia zen, eta zenbait musikari bidaltzen zituen Zarautzera, hango bandarekin jotzera. Ni izan nintzen horietako bat. Zarautzen fabrika batean hasi nintzen lanean, musika instrumentuak afinatzen, eta han ezagutu nuen lagun bat Eibarrera etorri zen; hark esaten zidan: ‘Mutil garbi bat behar dut lan zikin baterako’. Hari kasu egin, eta hona etorri nintzen; bi urtez aritu nintzen enpresa horretan lanean, eta ondoren 25 igaro nituen Alfa enpresan lanean.

Nolakoa zen Mateo gaztea?

Kuriositate handiko pertsona nintzen, oraintxe bezalaxe. Musikaria nintzen: tronboia jotzen nuen. Zapatu arratsaldeetan Donostiara joaten nintzen musika ikastera, eta badirudi ez nintzela guztiz ergela, Euskadiko Orkestra sortu zenean hara joateko deitu baitzidaten. Baina ez nuen batere erraztasunik mugitzeko: trena oso goiz ateratzen zen Donostiatik, eta oso garestia zen han lan egitea. Horregatik, ezetz esan nuen. Eibarren geratu nintzen, eta gitarrako eta harmonikako eskolak emateari ekin nion herrian.

Lan horien guztien artean, noiz hasi zinen irratian eta egunkarian lanean?

Alfan lanean hasterako, kolaborazioak egiten nituen herriko irratiarekin. Gerraostekoa zen Eibarren zegoen irratia, eta lagunak nituen han; horregatik, ez nuen nahi kobratzerik. Ordurako El Diario Vasco-rako kronikak idazten nituen, korrespontsal lanetan aritzen nintzen Eibarren, eta kronika horiek bidaltzen nituen irratira. Horretan ari nintzela, [Francisco] Franco diktadorea hil egin zen [1975], eta lehen gobernuarenak ziren irratiak Radio Nacional de Españaren esku gelditu ziren; ez zegoen besterik. Lana eskaini zidaten, Alfakoa baino soldata hobearekin. Lan hori hartu, eta Alfa utzi nuen. Gauza bat argi utzi nahi dut: ni ez naiz kazetaria ikasketaz, garai hartan ez zegoelako horrelako ikasketarik. Egunkarikoek nahi izan zuten Donostiara joan nendin ikastera, eta etxea ere eskaini zidaten. Baina ni oso gustura nengoen Eibarren, eta ez nuen onartu. Orain, alaba kazetaria da; hark baditu ikasketak.

Horrela jarraitu zenuen erretiratu arte?

Bai. Kontua da RNEn zuzendari berri bat sartu zela, eta hark esan zuela 30.000 biztanlez azpiko herrietan ezin zitekeela kate propiorik egon. Eibarren 27.500 lagun inguru gara. Horregatik, irratia itxi egin zuen hark. Orain zortziehun biztanleko herrietan telebista katea ere badago, baina orduan ez. Irratia itxi zuenean, 63 urte nituen. Lankide nituen batzuk Bilbora bidali zituzten, beste batzuk Donostiara… Zamorara [Espainia] eraman nahi ninduten ni, han irrati kate berria sortu behar zutelako; jendearekin oso ondo konpontzen nintzela esaten zidaten. Baina, noski, bi alaba genituen, eta ordurako eskolan zebiltzan Eibarren. Etxekoengan pentsatuz erabaki nuen ezetz, ez nuela onartuko etxea uztea, bi urteren buruan berriz bueltatu behar izateko.

Kazetaritza izan duzu ofizio, baina baita afizio ere, ezta?

Bai, beti izan dut oso gustuko kazetaritza. Pentsa, konfinatuta egon behar izan dugu, emazteak positibo eman zuelako COVID-19an. Etxeko lanen kargu ni geratu nintzen, eta suhiak ekartzen zizkigun ogia eta erosketak, bi egunean behin. Hori bai, egunkaria egunero ekartzen zidan, egunero irakurtzen baititut pare bat. Oraindik ere aritzen naiz irratian; asteartero, Eibarko Ser irrati katean aritzen gara lagun bat eta biok. Eibarko kontuez eta beste aritzen gara. Ez dugu ezer idatzita eramaten: gure iritziak izaten dira denak. Izan musika edo izan futbola, hantxe ematen dugu astearte goiza, hizketan.

1968tik aurrera zara Eibarreko bazkidea, baina aitortu izan duzu behin ere ez zarela jarri zure aulkian.

Eibarreko 418. bazkidea naiz, baina ez dakit nire eserlekua non dagoen, inoiz ez bainaiz hartan jarri; betidanik kazetarien lekutik ikusi izan ditut partidak. Entrenatzaileen pasea kolkoan jarrita joaten naiz beti futbolera. Sarrera librea dut Ipuruan ibiltzeko. Kazetarien kabinetara joaten naiz partidak ikustera, eta denak agurtzen ditut, denek ezagutzen bainaute. Niri ere eskaini zidaten kabinetako bat Ipurua handitu zutenean, baina azken bi urteotan beste batzuk ari dira handik, pandemiaren kontu honekin ezin izan bainaiz joan. Gainera, partida bukatzean, kazetariek bide batetik joan behar izaten dute prentsa aretora heltzeko, baina ni zuzendaritzako kideen gelara joaten naiz beti. Han egoten diren zerbitzariek ere ezagutzen naute jada, eta ardo kopa bat eta pintxo bat ematen dizkidate ikusi orduko.

1968tik aurrera idatzitako kronika guztiak etxean gordeak ditut; klubak berak baino hemeroteka handiagoa daukat nik etxean. Hain zuzen ere, klubak galdetu dit ea emango dizkiodan kronikak eta baietz esan diet, noski. Ea noiz etortzen diren bila, hautsa hartzen ari dira eta!… Bestela, bota egingo ditut…

Ia 50 urte zeneramatzan Eibarren partidak kontatzen,2014an Espainiako Lehen Mailara igo zenean. Zer-nolako oroitzapenak dituzu igoeraz?

Neuk ez nuen uste horrelakorik inoiz ikusiko nuenik, eta oso hunkituta gogoratzen dut ordukoa. Nik Eibarri buruz hitz egin dut Erregional mailan zegoenetik, Mendaroren, Elgoibarren eta horrelako taldeen aurka jokatzen zuenetik. Pentsa, hasieran ez zegoen eserlekurik ere futbol zelaian, tente ikusten genituen partidak, eta koadernoa barandan jarrita idatzi behar izaten genituen kronikak. Begira orain zelako futbol zelai dotorea dugun, eserleku eroso eta guzti. Baina ni ez naiz aldatu; oraindik ere kronikak idazten ditut, neuretzako diren arren.

Eibarren ahotsa baino askoz gehiago zara, baina…

Bai, bai. Herriko eta Euskal Herriko hainbat ekinalditan parte hartu izan dut, eta neronek ere beste zenbait jardun izan ditut. Zer egingo diot, bada? Ez dakit ezetzik esaten. Herriko ia kirol klub guztietan izan dut nolabaiteko parte hartzea, musika bandan ere ibilitakoa naiz, jubilatuen elkartearen sortzaile eta hasierako zuzendaritza batzordeko kidea izan nintzen… Elkarte hura sortu genuenean, alkateak nahi zuen ni izan nendin presidentea, baina nik ez nuen nahi, eta zuzendaritza batzordean geratu nintzen azkenean. Batzordea utzi nuenean, giltzak uztera joan nintzen, baina ez zizkidaten onartu; etxean ditut oraindik. Tira, eta jubilatuen elkarteko argazkilari ofiziala ere banaiz! Argazkilaritza neure kontura ere landu izan dut, eta erakusketa bat edo beste ere antolatu izan dut Bilbon eta Eibarren. Horrez gain, antzerkigintza gustatzen zait, baina denbora da ez naizela joan; ez dut gogoratzen noiz izan nintzen azkeneko aldiz antzerkiren bat ikusten. Lehen, asko joaten ginen, baina, azkenaldian, batere ez.

Maskara ere elkarteren batekoa duzu…

Bai. Gipuzkoako Kirol Prentsaren Elkartekoa.

Hartako kide ere bazara?

Noski, kiderik zaharrena naiz! Eta Espainiako Kirol Prentsa Elkarteko kide ere banaiz oraindik.

Hainbat arlotan aritu izan zara zure bizitza profesionalean. Baten bat aukeratu beharko bazenu, zein litzateke?

Ez dakit, inoiz ez dut jakin izan bat bera ere atzean uzten; guztiak ditut gustuko. Esan dut lehen: ez dakit ezetzik esaten!

Hamaika elkartetako oroigarriak dituzu etxean, omenaldiren batean emandakoak guztiak. Herrian maitatua sentitzen zara?

Bai. Oroigarri asko ditut: udalekoak, herriko ia kirol klub guztietakoak, jubilatuen elkartekoak, musika bandakoak, beste zenbait herritako elkarteetakoak… Herrian maitasun handiz egiten didate beti harrera, eta txakurrak bezalakoa naiz: maitasuna ematen didaten tokira, haraxe joaten naiz beti. Horrelako arraroa naiz. Asko hunkitzen nau jendearen maitasunak; ondo sentiarazten nau. Bigundu egiten naiz horrelakoetan. Nik asko maite dut jendea, eta uste dut haiek ere maite nautela ni.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.