Ekialde Hurbila

Palestinaren eta Israelen arteko konfederazio bat sortzeko plana aurkeztu diote NBEri

Bake elkarrizketetan aritutako bi negoziatzaile israeldarrek eta palestinarrek bultzatu dute egitasmoa. Kolono juduei egoiliar gisa Palestinan bizitzeko aukera ematea proposatu dute, besteak beste.

Israelgo bandera, Jerusalemgo alde zaharraren gainean. ABIR SULTAN, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko otsailaren 11
18:08
Entzun

Palestina eta Israel estatu konfederal batean biltzeko proposamena aurkeztu diote gaur NBE Nazio Batuen Erakundeari, New Yorken. Yossi Beilin Israelgo ministro ohiak eta Hiba Huseini jurista palestinarrak landu dute proposamen politikoa, Palestinako eta Israelgo herritar talde txiki batekin batera. Beilin eta Huseini bake negoziazioetan aritutakoak dira, Israelen eta Palestinaren ordezkari, eta konponbide baterako elkarrizketak izoztuta dauden honetan, beharrezkotzat jo dute landu duten plana ezagutaraztea, nazioartean eztabaida pizteko eta negoziazioak berpizteko balioko duen itxaropenarekin.

Egungo statu quo-a apurtzeko beharra nabarmendu dute. Besteak beste, proposatu dute Israelgo kolonoei Palestinako lurretan egoiliar gisa bizitzeko aukera eskaintzea. Trukean, Israelek beste horrenbeste egoiliar estatusa onartu beharko lieke beste horrenbeste errefuxiatu palestinarri, eta kolonien hedaduraren besteko lur eremuak utzi beharko lituzke Palestinaren esku. Asteartean, Etxe Zurian izan ziren, eta planaren berri eman zioten AEBetako Estatu idazkariorde Wendy R. Shermani.

Osloko Akordioen (1993) eta Genevako Egitasmoa (2003) bultzatzaile nagusienetako bat izan zen Beilin. Aitortu du Osloko negoziazioek porrot egin ostean bakerako bilatu diren bideak israeldarrak eta palestinarrak banatzeko formuletan oinarritutakoak izan direla, eta okertzat dauka hori. «Beldurra eta herra hauspotu ditu». Bi herrialdeen «banaketa hermetikoa» ez da irtenbide bideragarri bat, Beilinen ustez. Ez soilik etsaitasuna betikotu dezakeelako, baita ikuspuntu praktiko batetik ere. «Lurralde oso txiki bati buruz ari gara, geografikoki, eta hura zatitzea erabat artifiziala da. Beraz, errepideak eraikitzerakoan, azpiegiturari dagokionez, natur baliabideen erabileran pentsatuta, askoz ere onargarriagoa da konfederazio batean bizitzea». Hala, Beilinek azaldu du konfederazio bat eratzeko ideia Genevako Egitasmoan oinarritzen den arren beste maila bat gehitu diotela akordio horri: «Dena elkarlan esparru batean egin behar da».

Oraingoz, Israelgo eta Palestinako agintariek ez dute planaren gaineko adierazpenik egin. Proposamenaren egileek ez diete txostena formalki aurkeztu, baina Beilenek argitu du ez dutela ezustekorik eramango. AEBetako Gobernuak ere ez du balorazio publikorik egin. Egitasmoaren bultzatzaileak kritikak jasotzeko prest agertu dira, badakite-eta dokumentuan jorratzen dituzten puntu batzuk oso arantzatsuak direla palestinar nahiz israeldarrentzat.

Beilin Meretz alderdiko buru ohiaren esanetan, bakerako «oztoporik handienetako bat, edo handiena», Israelen koloniena da. Israelek kolonia ugari eraiki ditu azken urteetan Palestinari okupatutako lurretan, eta eraikin horiek legez kanpokotzat dauzka nazioarteko zuzenbideak. Aldiz, Israelen etorkizunean izango den edozein agintari kolonia horiek suntsitzearen beldur izango da. Korapilo hori ekuaziotik kanpo uzte aldera, Beilinek eta Huseinik proposatu dute kolonoei aukera ematea: Israelgo lurretara lekualdatu ala Palestinan egoiliar gisa bizi. Beilinen iritziz, horrek bidea zabalduko lieke Israelgo etorkizuneko agintariei, kolonoak bizi diren eremuetatik indarrez atera beharrean, kolonoei Israelgo lurretara mugitu daitezela gomendatzeko, baina azken erabakia beraien esku utzita. Proposamenak zehazten du egoiliar estatusa ez litzatekeela hiritartasuna lortzeko abiapuntu bat izango, ez kolono juduentzat, ezta Israelgo lurretan biziko liratekeen egoiliar palestinarrentzat ere.

Hain justu, Israelek azken urteetan kolonien eraikuntza azkartu izanak bi estatuen konponbidea ezinezkoa bihurtzeko zorian dela ohartarazi dute nazioarteko eragile ugarik. Proposamenaren egileek argitu dutenez, konfederazioaren egitasmoak «ez du bi estatuen irtenbidea ordezkatu nahi, harentzako aukera berriak sortu baizik».

Horrez gain, konfederazioak «denbora luzeegian atzeratu diren auziak» konpontzeko balio dezakeela nabarmendu dute. Besteak beste, Jerusalemen estatusa eta errefuxiatu palestinarren itzulera. Konfederazio Israeldar-Palestinarra egitasmoaren webgunean irakurri daitekeenez, gobernu konfederal batek baliabide gehiago izango lituzke arazo horiei konponbidea emateko, israeldarren eta palestinarren gobernua izango litzatekeenez bi aldeentzako onargarriak liratekeen proposamenak bultzatu beharko lituzkeelako.

Planak jasotzen du Israelgo eta Palestinako estatuen aitortzak izan behar duela abiapuntua. Hortik aurrera, bi estatuetako agintariek negoziazioak hasiko lituzkete konfederazioaren egitura zehazteko. Bi urteko epean osatu beharko lukete «Europako Batasunaren moduko konfederazio hori».

Israelen eta Palestinaren arteko elkarrizketak izoztuta daudela, konfederazioan oinarritutako bake proposamena egiteko beharra sentitu dute bultzatzaileek. Ez dute espero aldeek hura onartzea, blokeoa apurtzen laguntzea baizik. Beilinek gogorarazi du Genevako Egitasmoa bake prozesua izoztuta zegoenean sortu zela, eta Ariel Sharon Israelgo orduko lehen ministroa «asaldatu» zuela. Handik gutxira, Israel Gazatik erretiratu zen. 2004an Times aldizkarian kolonien suntsitzeari buruz galdetuta, Sharonek adierazi zuen keztatuta zegoelako hartu zituela neurri horiek, Genevako Egitasmoa bezalako «irtenbide txarrak» israeldarren bihotzetara iritsiko ote ziren. «Israelgo Gobernua beste irtenbide bat bilatzen saiatzen bada gurea gustuko ez duelako, nik ez dut negar egingo».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.