Hezkuntza legea

PSE-EEk eta EPk denbora gehiago eskatu dute hezkuntza akordiorako ekarpenak egiteko

EH Bilduren irudiko, «hezkuntzaren egiturazko beharrari» erantzuteko «abiapuntu ona» ezartzen du Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako testuak.

Ikasgela bat hutsik, artxiboko irudian. RAUL BOGAJO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko otsailaren 14a
13:59
Entzun

Pil-pilean dago Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza akordioaren inguruko eztabaida. Joan den astean, Eusko Legebiltzarrean akordioa lortzeko sortutako lantaldeko presidenteak lehen zirriborro bat aurkeztu zuen, eta erreakzio erreskada eragiten ari da. Ekarpenak egiteko egunak dira aste honetakoak; ostiralera arte dute aukera alderdiek eta hezkuntza eragileek. Epeak kritikatu dituzte Elkarrekin Podemos-IUk eta PSE-EEk, eta denbora gehiago eskatu dute. Formalki egin du Elkarrekin Podemos-IUk, Eusko Legebiltzarrean eskaera bat erregistratuta; PSE-EEk, aldiz, ahoz, Eneko Andueza idazkari nagusiren ahotik. «Hezkuntza itunak behar duen denbora ematea merezi du. Eztabaida lasai egin behar da, agente guztiei entzunda», arrazoitu du Iñigo Martinez Elkarrekin Podemos-IUren legebiltzarkideak. Anduezak esan du «erritmo frenetikorik» ez duela nahi.

Anduezak erantsi duenez, gaur-gaurkoz ez dago akordiorik alderdien artean, baina Alfredo Retortillok argitu du zein den PSE-EEren lehentasunezko bazkidea: lehenik EAJrekin lortu nahi du «sintonia», gero gainerako alderdiak batu daitezen. «Desberdintasun garrantzitsuak ditugu, baina PSE-EEren borondatea da kontsentsu sendo batera iristea, gutxienez indarrean dagoen legeak duen adinakoa adostasunera».

Dokumentuari erreparatuta, pare bat balorazio egin ditu. Retortilloren irudiko, eskola publikoa «erroko kontu bat» da, baina ia ez dute testuan aipatzen. Erantsi du ez dela haren aldeko apusturik egin, eta nabarmendu du horrela «aukera berdintasunaren eta ekitatearen» aurka egiten dela. Euskararen inguruan ere mintzatu da. Ematen dioten tratua «zuzena» iruditzen zaio, baina zehazten du ez dela onartu «hezkuntzarako esparru eleaniztunik». Hori «fintzeko» beharra ikusten du.

EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Maddalen Iriarteren irudiko, hezkuntzaren «egiturazko behar bati» erantzuteko garaia da. Aurreko asteko dokumentua «abiapuntu ona» delakoan dago, eta uste du aukera ematen duela eztabaida «lasai eta sakon bat» egiteko. Hala ere, testua hobetze aldera, esan du EH Bilduk ekarpenak egingo dituela.

Bestelako hitzak izan ditu Carlos Iturgaiz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPko buruak. Haren irudiko, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk akordioa lortuko dute: «Sozialistek akordio bat nahi dute EAJrekin eta EH Bildurekin; EAJrekin, gobernuko bazkideak direlako, eta EH Bildurekin, ezkerreko fronte bat nahi dutelako etorkizunerako». Iturgaizek dokumentuaren edukia ere kritikatu du. Uste du Kataluniako eredua kopiatzen duela, gaztelaniarik gabeko erabateko murgiltzea proposatzen duela eta itunpeko ikastetxeek zailtasunak izango dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.