Gastronomia

Repsol Gidak otsailaren 28an banatuko ditu Eguzkiak, Donostian

Donostiako Viktoria Eugenia antzokian banatuko dituzte Repsol Gidaren Eguzkiak. Eguzki Jasangarria sari berezien artean, «jatetxe gomendatuaren saria» emango diote Donostiako kaian dagoen Kofradia jatetxeari.

Repsol Gidaren Galaren aurkezpena. JON URBE
Miren Mujika Telleria.
2022ko otsailaren 14a
15:00
Entzun

«Plater nagusia dator» lelopean, otsailaren 28an banatuko dituzte Repsol Gidaren Eguzkiak, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Beraz, aurten ere Euskal Herrian egingo dute ekitaldia. «Repsol Gidak, beti egin duen bezala, gastronomiaz gozatzearen aldeko apustua egingo du», adierazi du Maria Ritterrek, Repsol Gidako zuzendariak.

Irabazleek Eguzki bat, bi edo hiru lor ditzakete, eta Ritterrek aurreratu du izango dela euskal sukaldariren bat saridunen artean. Gainera, aurreratu duteEguzki Jasangarria saria zer jatetxeri emango dieten. Horien artean da Donostiako kaian dagoen Kofradia jatetxea, «jatetxe gomendatuen saria» emango diotela jakinarazi baitu Ritterrek: «Kofradia jatetxea nabarmentzen da arrantza jasangarriarekin eta itsasoko zero kilometroarekin duen funtsezko konpromisoagatik».

Espainiako hiru Eguzki Jasangarriren berri ere eman du gaur Repsolek. Hiru Eguzki Jasangarri emango dizkiote Madrilgo «Coque» jatetxeari. Herrialde Katalanetara ere iritsi da sarietako bat. Izan ere, Ritterrek ohartarazi du Alacanteko Monastrell jatetxeari bi Eguzki Jasangarri emango dizkiotela. Eta, azkenik, Toledoko Raíces jatetxeari Repsol Gidako Eguzki Jasangarri bat emango diotela azaldu du Ritterrek. Gainontzeko saridunak zein diren otsailaren 28an bertan jakingo da.

Aurten, gainera, herritarrentzako jarduerak antolatu ditu Repsol Gidak. Gasteizen eta Bilbon Eguzkien banaketaren inguruko hainbat jarduera egingo dira, eta Donostian, berriz, «pintxo ibilaldia» egingo dute: «Sukaldari batzuk arduratuko dira pintxoak zerbitzatzeaz Donostiako taberna tipiko batzuetan. Parte Zaharrean ez ezik, Loiolan eta Amaran ere pintxo horiez gozatzeko aukera izango da», azaldu du Ritterrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.