Carlos Torres BBVAko presidenteak azken urteetako ordainsaririk handienetakoa jaso du 2021ean: 7,8 milioi euro. Izurriaren aurretik jasotakoa baino %5 gehiago da hori. Bestalde, Onur Genç kontseilari ordezkariaren ordainsaria ere 2019koa baino %8 handiagoa da: 6,8 milioi euro jaso ditu denera.
BBVAk kontseilarien ordainsarien urteko txostena argitaratu du gaur, eta bertan jakinarazi du zenbat diru jaso duten zuzendaritzako kideek. Sariak %80 eta %91 handiagoak dira iazkoekin alderatuta; izan ere, pandemia tarteko, iaz ez zuten ordainsari osoa jaso. Sariaren kopuru finkoa kobratu zuten soilik, eta uko egin zioten zati aldakorrari. Azken hori emaitzei, eraginkortasunari eta errentagarritasunari lotutako adierazleen arabera kalkulatzen den zenbatekoa da.
Zehazki, Torresek 2,9 milioi euro jaso ditu ordainsari finko gisara 2021ean, eta 4,2 milioi dira ordainsari aldakorrari dagozkionak. Aldiz, Gençeren ordainsari finkoa 2,2 milioi euro dira, eta ordainsari aldakorra, berriz, 3,2 milioi euro.
Bilbon sortutako bankuak urte oparoa izan zuen iaz: 4.653 milioi euro irabazi zituen guztira. Eta, horri esker, azken hamarkadako mozkinik handienak banatu ditu. Aldiz, 3.000 langile inguru kaleratu zituen, horietatik ehun baino gehiago Hego Euskal Herrian.