Osasuna

Munduko ibaiak botikaz kutsaturik daudela ondorioztatu dute

Lehen aldiz, mundu mailako ikerketa egin dute. Batez ere epilepsiaren eta diabetesaren aurkako botikak, kafeina eta antibiotikoak topatu dituzte, eta ohartarazi dute kontzentrazioek «ingurumen eta osasun arriskua» eragiten dutela leku askotan. Madrilen jaso dituzte Europako laginik kutsatuenak.

Madrilgo Manzanares el Real urtegia. Espainiako hiriburuko uretan jaso dituzte Europako laginik kutsatuenak. JUAN CARLOS FRAILE ESTEVE / EFE
Edu Lartzanguren.
2022ko otsailaren 15a
12:57
Entzun

Goiburu deigarriak eragin zituen Nazio Batuen Erakundeak 2007. urtean. Haren Drogaren eta Horrekin Loturiko Krimenen Aurkako Bulegoak munduko hainbat ibaitako uren inguruan eginiko txosten batean ondorioztatu zutenez, Ebro ibaian topatu zuten munduko kokaina zantzuen kontzentraziorik handienetako bat, Euskal Herriko mugan, gainera, Miranda de Ebron (Burgos, Espainia). Kritika gogorrak jaso zituen txostek hark, eta fidagarritasuna zalantzan jarri zuen NBEk berak.

Oraingoan, berriz, ikerketa zorrotzago bat egin dute, munduko ibaietan dagoen botika kontzentrazioaren inguruan, eta emaitzak ez dira lasaigarriagoak. Batez ere epilepsiaren eta diabetesaren aurkako botikak, kafeina eta antibiotikoak topatu dituzte munduko 258 ibaitan, eta ohartarazi dute horietako laurdenetan baino gehiagotan gaiok «ingurumen eta osasun arriskua» eragiten dutela. Gizakiei eta animaliei emaniko botiken zantzuak ibaietan atzematen dira, gernuak garraiatuta.

Yorkeko (Ingalaterra) Unibertsitateko talde batek zuzendu du azterketa, baina munduko 86 ikerketa zentrotako 127 zientzialarik gauzatu dute. 1.052 lekutako laginak hartu dituzte, 258 ibaitan, kontinente guztietako 104 herrialdetan. Orain arte, herrialde aberatsetan bakarrik egin izan dituzte halako azterketa zabalak.

Daturik kezkagarrienak Lahoren (Pakistan), La Pazen eta Addis Abeban atzeman dituzte. Horrez gain, Madrilgo kasua nabarmendu dute, Europako laginik kutsatuenak han hartu dituztelako. Glasgown (Eskozia) eta Dallasen ere (AEB) datu txarrak topatu dituzte, Madrilgoak bezain larriak ez badira ere.

Kontzentraziorik handienak Saharaz hegoalderako Afrikan, Asia Hegoaldean eta Hego Amerikan topatu dituzte. Lekurik kutsatuenak errenta baxu edo ertaineko herrialdetan daude, botikak erosteko ahalmena eta ura arazteko sistema txarrenak elkartzen diren lekuetan, ikertzaileek adierazi dutenez.

Lekuen %25,7tan, uretako bizidunei kalte egiteko moduko kontzentrazioa topatu dute, gutxienez gai kimiko batena. Kezka adierazi dute antibiotikoen kasuan, esaterako, horrek eragin dezakeelako erresistente diren mikrobioak eboluzionatzea, edo hormona aldaketak arrainetan. «Beraz, botika kutsadurak arrisku globala eragiten dio ingurumenari eta giza osasunari, eta baita Nazio Batuen Erakundearen Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko ahaleginari ere».

Egoera askoz okerragoa izan daiteke, gainera, ikertzaileek adierazi baitute ez dutela munduko estatu gehienetako daturik —196 estatutatik 85eko datuak bakarrik dituzte—. «Horrek zaildu egiten du arazoaren tamaina kalkulatzea globalki». Beraz, «izozmendiaren tontorra» baino ez da agerian geratu, adierazi dutenez.

Horregatik, elkarlan globalerako deia egin dute. Horren bidez bakarrik «lortu ahalko dira behar diren datuak oinarrituriko erabakiak hartzeko, gai kimikoek ingurumenean egiten dituzten kalteak arintzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.