Txibitek «zuhurtzia» eskatu du, neurri murriztaileak indargabetu arren

Oraindik ere COVID-19arekin «bizi» beharra dagoela esan du Nafarroako presidenteak, nahiz eta egoerak «ikuspegi baikorra» izateko modua ematen duen. Bingen Zupiriak, berriz, ospitaleratzeak baino alta gehiago izan direla nabarmendu du.

Maria Txibite Nafarroako Parlamentuan, artxiboko irudi batean. JESUS DIGES / EFE
2022ko otsailaren 15a
13:33
Entzun

Gaur geratu dira Nafarroan bertan behera COVID-19aren hedapena galarazteko ezarritako neurri murriztaile ia guztiak. Hala ere, «zuhurtziara» dei egin du Maria Txibite Nafarroako presidenteak. Horixe da, haren ustez, «mezuetan onena», oraindik ere birusarekin «bizi» beharra baitago: «Barnealdeetan maskara erabiltzen jarraitu behar dugu, distantzia mantentzen, higienea zaintzen». Hala ere, hori guztia «ikuspegi baikor» bat izanez egiteko modua ematen du egungo egoerak, haren irudiko.

Pandemiaren bilakaeraren inguruko azken datuen inguruan, Txibitek nabarmendu du intzidentzia tasa metatua eta ospitaleetako tentsioa jaitsi egin direla, eta, pixkanaka, «bizitza soziala berreskuratzen» ari dela. Hori da, haren arabera, «gehien behar genuena». Erantsi du ikastetxeetako neurriak ere malgutu dituztela eta haurrek «asko eskertu» dutela.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ere hitz egin du pandemiaz, Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian. Atzo Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esandakoen ildo beretik, pandemiaren adierazle ia denek «beheranzko joera» dutela azpimarratu du, eta datozen zazpi egunetarako dituzten aurreikuspenek ere hala jarraituko dutela erakusten dutela. Ospitaletako egoeraz, esan du azken egunetan gehiago izan direla alta hartu dutenak COVID-19ak jota erietxeratu behar izan dutenak baino. Heriotza kopuruan izandako gorakada, berriz, datuen azterketa egiten dutenek arrazoitu behar luketela esan du. Dena den, heriotzek «gailurra jotzear» egon behar dutela uste du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.