AFGANISTAN

Afganistanen funtsak bere egin nahi izatea egotzi diete talibanek AEBei

Bidenek erabaki du herrialdearen funtsen erdiak 2001eko irailaren 11ko atentatuen biktimei bideratzea eta beste erdiak Afganistani laguntza humanitarioa emateko erabiltzea. Washingtonen erabakiaren kontrako protestak izan dira Kabulen

Pertsona bat laguntza humanitarioa jasotzen, joan den astean, Kandaharren (Afganistan). EFE
Igor Susaeta.
2022ko otsailaren 15a
14:08
Entzun

Talibanak boterera iritsi zirenean, joan den abuztuaren 15ean, Mendebaldeko potentziek erabaki zuten Afganistanek nazioartean dituen funtsak blokeatzea. Joe Biden AEBetako presidenteak, baina, dekretu bat sinatu zuen joan den ostiralean, aginduz Afganistango Banku Zentralak AEBetako finantza erakundeetan dituen aktiboak desblokeatzeko. 6.200 milioi euro inguru dira, eta, horren arabera, 3.100 milioi bat euro, funtsen erdiak bideratuko dituzte 2001eko irailaren 11ko atentatuen biktimen auzibideak ordaintzera, eta beste erdiak erabiliko dituzte Afganistanera laguntza humanitarioa bidaltzeko. Washingtonen erabakiak talibanak haserretu ditu, eta Bideni leporatu diote funtsak bere egitea, horiek «bahitzea». Talibanek ohar batean azaldu dutenez, AEBek ez baldin badituzte «ekintza probokatzaileak» alboratzen, Emirerri Islamikoak —talibanek izen horrekin autoizendatzen dute beren gobernua— AEBekin duten politika «birpentsatu» beharko dute. Bideni eskatu diote hartu duen erabakia alda dezala.

Afganistango agintariek atzo eman zuten beren jarreraren berri, eta gaur Washingtonen erabakiaren kontrako protestak egin dituzte Kabul hiriburuan. Efe berri agentziaren arabera, ehunka pertsona atera dira kalera, eta Bideni leporatu diote afganiarren dirua «lapurtu» nahi izatea. Parte hartzaile baten esanetan, Irailaren 11ko tragedia ez zen afganiarren «errua» izan. «Orduan, zergatik ordaindu behar du prezio bat Afganistanek? Erabakiak ez du logikarik». Osama Bin Laden buru zuen Al-Qaeda taldea izan zen New Yorkeko Dorre Bikien aurkako erasoaren egilea —ia 3.000 hildako eragin zituen—. Aste batzuk geroago Afganistan okupatu zuten AEBek, argudiatuta Bin Laden han ezkutatuta zegoela, eta 1996tik boterean zeuden talibanek «talde terroristak» babesten zituztela; tartean, Al-Qaeda.

Muturreko islamisten bozeramaile Bilal Karimik atzo adierazi zuenez, nazioarteak Afganistanen funtsak izoztu zituen abuztuan,«nahiz eta hori egitea nazioarteko zuzenbidearen irizpideen kontrakoa den». Talibanentzat, Bidenen erabakiak afganiar guztien eskubideak urratzen ditu.

Hain zuzen, gaur bete dira sei hilabete talibanek herrialdearen boterea hartu zutenetik, behin nazioarteko tropak, 20 urteren ondoren, erretiratzen hasi zirenean. Nazioarteak funtsak izoztu zituen orduan, eta horrek herrialdearen krisi ekonomiko eta soziala areagotu zuen. NBE Nazio Batuen Erakundeak eta hainbat erakunde humanitariok hilabeteak daramatzate esaten funtsak ahalik eta lasterrena desblokeatu behar direla katastrofe humanitario bat saiheste aldera.

Bilera, Dohan

Muturreko islamistek boterea hartu aurretik, Afganistango Banku Zentralak guztira 7.900 milioi euro gorde zituen atzerrian; horietatik 6.000 milioi pasa AEBetan, eta gainontzekoa Alemanian, Suitzan eta Arabiar Emirerri Batuetan, esaterako. Azkeneko 20 urteotan nazioarteak emandako laguntza ekonomikoaren ondorio dira aktibo horiek. Talibanek diru horren kontrola eduki nahi dute.

Bestalde, talibanen ordezkaritza bat Europako Batzordeko funtzionario talde batekin bildu da, gaur, Dohan (Qatar), eta batzordearen arabera, besteak beste hezkuntza eskubideaz, berariazko atxiloketez eta prentsa askatasunaz mintzatu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.