Autonomoak

Autonomoen kotizazioak 214-991 eurokoak izatea proposatu du Madrilek

Beste proposamen bat helarazi die Jose Luis Escrivak eragileei. Eskema berriak 11 kotizazio oinarri izango lituzke.

Jose Luis Escriva Espainiako Gobernuko Gizarte Segurantzako ministroa. JAVIER LIZON/EFE
aitor biain
2022ko otsailaren 15a
17:11
Entzun

Espainiako Gobernua autonomoen kotizazio oinarrien zenbatekoa aldatzeko prest azaldu da, eta sistema eguneratzeko beste proposamen bat helarazi die eragileei. Norbere konturako langileek Gizarte Segurantzari egiten dizkioten ekarpenak diru sarreren araberakoak izatea nahi du Madrilek, eta proposatu du kotizazioak 214 eta 991 euro artekoak izatea. Etenda zeuden negoziazioei bide eman nahi die horrela.

Urtearen hasieran aurkeztu zuen sistema eguneratzeko aurreneko proposamena Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak. Orduan proposatu zuen kotizazioak 184-1.267 euroko artekoak izatea, hamahiru kotizazio oinarrietan banatuta: hilean 600 euro baino gutxiago irabazten dutenetatik hasi, eta 4.050 euro baino gehiagoko irabaziak dituztenetara.

Proposamen berriak kotizazio oinarri guztiak aldatu ditu, baina aldaketa nabarmenenak bi muturretan izan dira; izan ere, gutxieneko oinarria igo egin da (30 euro gehiago dira orain), eta gehienezko oinarria jaitsi (276 euro gutxiago dira orain). Gutxieneko oinarriak gaur egungoaren azpitik jarraituko luke, edonola ere –294 euro inguru dira–.

Aldaketa horien ondorioz, diru sarreren adierazleak ere egokitu egin dira. Hilean gehienez 700 eurorainoko diru sarrerak izan beharko dira gutxieneko kotizazio ordaintzeko –600 euro ziren lehen–. Eta ezabatu egin dira diru sarrera handienak dituztenen azken bi tarteak, hau da, hilean 3.620 eurotik 4.050 eurora irabazten dutenena, eta 4.050 eurotik gorakoena. Horien ordez, tarte bakarra izango da, eta 3.190 euroko muga izango du. Alegia, hori baino gehiago irabazten dutenek gehienezko kuota ordaindu beharko lukete.

Datorren astelehenean elkartuko dira berriz bi aldeak, eta orduan jakinaraziko dute proposamen berriaren xehetasunak zeintzuk diren. Plana 2023rako indarrean egotea nahi du Madrilek, baina eskema berria pixkanaka egokituko litzateke 2031ra bitarte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.