Lan gatazkak

ITP-PCBko langileak: «Espero dugu Gorenak ez legeztatzea kaleratzeak»

Aeronautika enpresa horrek egin nahi zuen enplegu erregulazioari jarritako helegitea epaitu dute Madrilen. 83 langileren etorkizuna dago airean.

ITP PCBko langileen elkarretaratzea, Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean. ARITZ LOIOLA
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko otsailaren 16a
12:31
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak gaur epaitu du PCB ITP Aeroko zuzendaritzak EAEko Auzitegi Nagusiaren aurka jarritako helegitea. Epaileek baliogabetu egin zituzten aeronautika enpresa horrek Barakaldo eta Sestaoko plantetan (Bizkaia) egin nahi zituen 83 kaleratzeak, eta enpresak Gorenera eraman zuen erabakia. Langile batzordeak ez du aurreikusten erabakia berrestea beste epairik: «PCB-ITBko zuzendaritza errealitatearen bat ez datorren errealitate bat simulatzen ari da. Hala berretsi dute lan agintaritzaren eta EAEko Auzitegi Nagusien epaiek». Hamar eguneko tartean espero da ebazpena.

ITP Aeroren fundizioa da PBC, eta haien langileek elkarretaratzea egin dute Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean. Haren jarrerarekin haserre daude, «kaleratze deuseza deklaratzen zuen ebazpena betetzen eskatzeko gai ez zelako izan», eta, ITPko akziodunen artean sartzen saiatzen ari den honetan ez duelako hartu enpleguari eusteko «konpromiso sendorik». Ertzaintzak piketeetan izandako jarrera ere salatu zuten, baita gaur izandakoa ere. Berrogei langile elkartu dira, eta Ertzaintzak espaloi zati txiki batean biltzera behartu ditu. Bulegoko atean ere zortzi ertzain zeuden. Antzeko beste elkarretaratze batzuetan eraikineko segurtasun pribatua egoten da atean.

Auzitegi Gorenean EAEko Auzitegi Nagusiko eztabaida bera izango da. Zerk du lehentasuna, kaleratzeak egiteko eskubideak edo COVID-19aren eraginarengatik kaleratzeak egiteko debekua ezarri zuen dekretuak? Bilboko epaiketan azken hori gailendu zen, eta egoera oso arraro bat eragin zuen. Izan ere, enpresak kaleratu nahi dituen 83 langileak etxean egon dira harrezkeroztik, soldata guztiak kobratzen eta Gizarte Segurantzan izena emanda.

Langile batzordeak dioenez, egun erritmo onean ari dira lanean, eta enpresa lan poltsa negatiboa husten ari da. Piezaren baten edo besteren eskaera asko handitu da, eta ziur daude ITP Aeroren salmenta prozesua amaitzen denean, ekainean, lan karga asko handituko dela. Izan ere, haien ustez kaleratzeek lotura estua dute salmentarekin: «Rolls Roycek kaleratzeak agindu zituen salmenta merkatzeko, eta ITP aginduak bete zituen». Rolls Royce aurreko jabea da, eta 1.700 milioiren truke saldu zion turbina konpainia Bain Capital inbertsio funtsari. Hark jabetzaren %70 du, eta beste zatia hainbat enpresariren eta erakunderen artean banatuko da. Jaurlaritzak hor sartu nahi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.