Sektoreak

Hamar langiletik lau behin-behinekoak dira Nafarroako ostalaritzan

CCOO sindikatuaren txosten baten arabera, hamar langiletik hiruk kontratu partziala dute sektore horretan, eta hamar langiletik zazpi emakumeak dira.

Taberna bateko zerbitzari bat lanean. MARISCAL / EFE
xabier martin
2022ko otsailaren 16a
12:34
Entzun

Ezaguna da ostalaritzan oso zabalduak daudela behin-behineko kontratuak eta horietako asko partzialak direla, asteburuko jarduera handiagoari erantzuteko. Bada, Nafarroako CCOO sindikatuak kopuruak jarri dizkio lurraldeko sektorearen prekaritateari. Tabernetan, jatetxeetan eta bestetan aritzen diren langileen %40k behin-behineko kontratua daukate, sindikatu horren azterketari jarraikiz. Gainera, hamar langiletik kasik hiruk kontratu partziala dute, eta sektore feminiziatua dela berresten duen datu argia ere islatu du azterketak: hamar langiletik zazpi emakumeak dira. Prekaritatea ez ostalaritzan, aski da izenburua dauka sindikatuak plazaratutako txostenak.

CCOOko Nafarroako Ekintza sindikaleko arduradun Ruben Belzunegik nabarmendu du azken hamarkadan Nafarroan «kontraesan handia» dagoela ostalaritzaren BPGaren hazkundearen eta sortutako enpleguaren kalitate eskasaren artean. «Lan prekaritatea kronikoa da sektorean», esan du Belzunegik. «Ostalaritza errentagarria den arren, oso soldata apalak eskaintzen ditu, eta lanpostu eskasak; azpikontratazioa eta arauak ez betetzeko joera daude horren atzean. Kontratazio partziala abusuz baliatzen da; lanaldiak luzatu egiten dira; eta ordainketa asko beltzean egiten dira». Horrek guztiak profesionalizatzeko arazoak sortzen dituela azaldu du CCOOko kideak: «Lanpostu berri bat aurkitzeko behin-behineko lanbide gisa ikusten du beharginak».

Nafarroan, 15.607 langile daude lanean ostalaritzan. «Pandemiak eta hark eragindako mugek enplegu galera ekarri dute», esplikatu du Pilar Bermudez CCOOko kideak. «3.000 langile gutxiago daude sektorean, orain,2019ko hirugarren hiruhilekoan baino; eta galera hori ABEE bereziek apaldu dute». Nafarroako serkore guztiak kontuan hartuz, %25ekoa da behin-behinekotasuna eta, ostalaritzan, berriz, %40koa. Halaber, sektoreak ia bikoiztu egiten du sektore guztien batezbestekoa partzialtasunean; ostalaritzan %29 da, eta batezbestekoa, %16.

Nafarroako datu argigarri horiek Hego Euskal Herriko argazkia osatzeko oso baliagarriak dira. Araban, Bizkain eta Gipuzkoan ere oso litekeena da pareko datuak edukitzea sektoreak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.