Aroztegiko proiektua

Nafarroako Auzitegi Nagusiaren arabera, Aroztegiko lanak legez kanpoko esleipen batekin hasi zituzten

TEX eta Palacio de Arozteguia SM enpresek 2021. urteko maiatzean hasi zituzten lanak. Baztango Udalaren iritziz, ebazpenak «herritarrei eta Baztango erakundeei ematen die arrazoia».

Deklaratzera deitutako sei herritarren aldek mobilizazioa, urtarrilaren 27an, Iruñean. IñIGO URIZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko otsailaren 16a
14:33
Entzun

Aroztegiko proiektuaren lanak legez kanpo hasi zituzten. Baztango Udalak eskuratu du abenduaren 31n Nafarroako Auzitegi Nagusiak obren esleipenari buruz emandako epaia, eta, han dioenez, auzitegiak ez zuen onartu Palacio de Arozteguiako konpentsazio batzordeak TEX enpresari egindako esleipena.

Proiektu horren bidez, luxuzko 228 etxebizitza, 126 logelako hotel bat, spa gune bat eta bederatzi zuloko golf zelai bat eraiki nahi dituzte Lekarozen (Baztan, Nafarroa). Udala, ordea, hainbat herritarrekin eta eragilerekin batera, proiektu horren aurka dabil azken urteetan. Besteak beste, 2021. urteko maiatzean, lanak hasi zituztenean, kanpaldia egin zuten lanak egitekoak dituzten lurretan, eta hamaika egun egin zituzten han, enpresako makinak hortik atera arte. Iragan udaberritik geldituta daude lanak. Urtarrilaren 27an sei lagunek deklaratu zuten Iruñean, ekintza hartan parte hartzeagatik.

Herri ekimenaz harago, Baztango Udalak ere salaketa aurkeztu zuen enpresaren kontra. LAB sindikatuak ere enpresa salatu zuen Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegian. 2019ko uztailean, auzitegiak Aroztegiko obren emakidaren plegua baliogabetu zuen, eta adjudikazio prozedurarekin jarraitzea ezinezkoa zela adierazi zuen. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salak lehengo auzitegi horren akordioa berretsi zuen 2020ko ekainean.

Orain, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaiak argitu duenez, auzitegiak Nafarroako Kontratu Publikoen Epaimahaiaren ebazpena berretsi zuen, eta LAB sindikatuari arrazoia eman zion.

Egin dituzten azken agerraldietan, eragileek dagozkien erantzukizunak hartzeko eskatu diete Nafarroako Gobernua babesten duten alderdiei: «Gatazka honek irtenbide politiko erraza du: proiektu hau betiko geldiaraztea». Azkeneko aldiz irailean bildu ziren haiekin: «Talde parlamentario ezberdinekin bildu eta gure eskaera helarazi arren, isiltasun konplizea bertzerik ez dugu entzun».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.