Euskal presoak

Joseba Azkarragaren aurkako «jazarpena» salatu du Sarek

Plataformak salatu duenez, dei eta mezuen bidez «mehatxuak eta irainak» jaso ditu, hainbat komunikabidek argitaratutako erreportajeen ondorioz.

Joseba Azkarraga, Sareren prentsaurreko baten. Artxiiboko irudia. DAVID AGUILAR/ EFE
unai etxenausia
2022ko otsailaren 16a
15:35
Entzun

«Ez politikan, ez kazetaritzan, ez justizian, dena ez da zilegi». Sare plataformak ohar bidez salatu duenez, Joseba Azkarraga bozeramailea «jazarpena» pairatzen ari da azken egunotan. Izan ere, Guardia Zibilak Espainiako Gobernuaren eta Sareren arteko kontaktuak ikertu ditu, eta hainbat hedabidek zabaldu dituzte ikerketa horren xehetasun batzuk. Zehazki, Espainiako Auzitegi Nazionalaren txostenaren kopia bat argitaratu dute, Azkarragaren datu pertsonalekin. Sarek salatu du dei eta mezuen bidez «mehatxuak eta irainak» jaso dituela bozeramaileak.

Sarek azaldu du ikerketaren bidez zenbait erakunderen arteko elkarrizketa bidea «kriminalizatzen» saiatu direla: «Nekez uler daitekeen hipokrisia ekintza da. Lehenago hitz egitea beharrezkoa bazen, gaur egun, ETA desagertu eta hamar urtera, euskal presoen egoerari irtenbide humanitarioak bilatzen dizkiona kriminalizatzea ulergaitza da». Halere, plataformak espero du gertatutakoa baliagarria izatea aurrerantzean Sarek edo beste erakunde batzuek herri administrazioekin, alderdiekin eta abarrekin duten harremana «behin betiko» normaltzeko.

Azkenik, Sarek argi utzi du bere lanarekin jarraituko duela; kalean mobilizatzen zein alderdi, sindikatu eta abarrekin hitz egiten eta haien aldarrikapenak helarazten. «Hori ez da aldatuko inongo hedabidek guztiz normalak eta beharrezkoak diren elkarrizketak edo bilerak filtratu izanagatik», gaineratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.