Mali

Frantziak iragarri du bere soldaduak Malitik erretiratuko dituela

Parisek 2.500 militar ditu Afrikako herrialde horretan, eta datozen hilabeteetan aterako dira handik, aliatuekin «koordinatuta». Macronek esan du jihadisten aurkako operazioaren amaiera ez dela «porrot militar bat».

Frantziako soldadu bat, Malin, artxiboko irudi batean. NIC BOTHMA / EFE
ander perez zala
2022ko otsailaren 17a
10:01
Entzun

Ia hamar urteren ostean, Frantziak jakinarazi du bere soldaduak erretiratuko dituela Malitik, Europako bere aliatuekin eta Kanadarekin batera, «era koordinatuan». Soldaduak jihadistei aurre egiteko sartu zituzten Afrikako herrialde horretan, baina urteotan ez dute lortu esperotako garaipena, eta, gainera, Maliko junta militarrarekin dituzten harremanak nabarmen okertu dira azken aldian. Finean, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen iritziz, «terrorismoaren kontrako borrokarako baldintza politiko, operazional eta juridikoak» ez dituzte aldeko.

Erretiroak lau-sei hilabete iraungo du, eta «progresiboa» izango da. Epe horretan, Macronek esan duenez, Minusma NBE Nazio Batuen Erakundearen misioa babesten jarraituko dute, zeinak 13.000 kasko urdin dituen eremuan —Parisek 5.000 ditu, eta horien erdiak, Malin—. Frantziako presidenteak aitortu du Afrika «eta batez ere Sahel eskualdea Al-Qaedaren eta Daexen estrategiaren lehentasun bilakatu» dela, baina, halere, Barkhane operazioa amaitzea erabaki dute.

2013tik hona jihadisten kontrako borrokan garaipen taktikoak lortu dituzten arren, Maliko Estatuak eta haren armadak ez dute inoiz lortu eremuaren kontrola bereganatzea. Gainera, 2020an eta iaz izandako estatu kolpe bikoitzak gobernua boteretik bota du, eta, egun, junta militar bat dago agintean.

Junta horrek uko egin dio datozen urteetan hauteskundeak antolatzeari, eta horrek Frantziaren eta beste aliatu batzuen haserrea eragin du. Militar horiek, gainera, Parisen aurkako geroz eta jarrera argiagoa erakutsi dute hilabeteotan, eta desadostasunak handitu baizik ez dira egin. Tartean, jihadisten kontrako borrokari buruzkoak: Bamakok Errusiako Wagner enpresaren mertzenarioak kontratatu ditu horretarako, eta Europako agintarien kexak eragin, ez dutelako haiekin batera aritu nahi muturreko islamisten aurka.

AB Afrikako Batasuneko eta Senegalgo presidente Macky Sall, Ghanako estatuburu Nana Akufo-Addo eta Europar Kontseiluko presidente Charles Michel alboan zituela, Macronek azaldu du ezin dutela «militarki engaiatuak jarraitu [Maliko] agintariekin», ez baitatoz bat «haien estrategia eta helburu ezkutuekin». Erabakia atzoko afari batean hartu zuten, EB Europako Batasuneko eta Afrikako zenbait estatuburu eta gobernubururekin batera.

Operazioaren arrakastaz galdetu diotenean, Frantziako presidenteak erantzun du ez dela izan «porrot militar bat»: «Zer gertatuko zen 2013an Frantziak ez balu esku hartzea erabaki? Ziurrenik, Maliko Estatua erori egingo zen. Gure militarrena arrakasta izan da».

Urteotan, muturreko islamistek Frantziaren 53 soldadu hil dituzte Sahelen; horietako 48, Malin. Parisek, berriz, ez du inoiz jakinarazi ustezko zenbat jihadista hil dituzten; Mediapart atariaren arabera, 2.800 inguru dira. Efe berri agentziak, berriz, gaur jakinarazi du azken hiru egunotan muturreko islamistek gutxienez berrogei zibil hil dituztela Malin.

Nigerren garrantzia

Herrialde horretatik ateratzeak Frantziaren indar militarrak berriz antolatzea eragingo du, eta, Macronek azaldu duenez, hori Nigerren egingo dute —mugakideak dira—, Gineako golkoan «handia» baita «jihadisten mehatxua»; 800 soldadu badaude herrialde horretan jada, Parisen base militar batean.

Zehazki, Frantziako estatuburuak azaldu du 2.500-3.000 militar mantenduko dituztela eremuan, eta Afrika mendebaldeko zenbait estaturi eskainiko dizkietela bere «zerbitzuak» jihadistei aurre egiteko; kasurako, Senegali, Benini eta Boli Kostari.

Auzi hori eta beste hainbat izango dituzte eztabaidagai EBko eta ABko 70 bat agintarik, goi bilkura bat egingo baitute gaur eta bihar, Bruselan. Horretan, erakundeek espero dute bien arteko harremana hobetzeko gai izango direla; besteak beste, Afrikan azpiegiturak garatzeko inbertsioak adostuta, baita osasun eta hezkuntza arloetan hobekuntzak negoziatuta ere.

Beste modu batera esanda, EBk bere presentzia handitu nahi du hegoaldeko kontinentean, Txinaren eta Errusiaren influentzia handitzen ari baita han. Egun, talde komunitarioa laguntza humanitarioak ematen ari da, eta 11 misio militar ditu Afrikako herrialdeetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.