'Mozal legea'

Antimilitarista bat errugabetu dute BBVAren kontrako protesta bat dela eta

KEMek uste du epaia «aitzindaria» dela eta «adierazpen askatasuna 'mozal legearen' aurretik» jartzen duela.

2019ko martxoan Bilbon egindako protesta. ECUADOR ETXEA
gotzon hermosilla
2022ko otsailaren 17a
11:16
Entzun

2019ko martxoan, BBVAren Aurkako Plataformak, EH Kapitalari Planto taldeak eta beste zenbait elkartek eta erakundek protesta egin zuten Bilboko Euskalduna jauregiaren aurrean, BBVA egiten ari zen akziodunen batzarra zela eta. Ertzaintzak mozal legea aplikatu eta protestan parte hartu zuten sei laguni isuna jartzea proposatu zuen. Ekintzaileek eta erakundeek helegitea jarri zioten erabakiari, eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak ez zuen onartu, baina orain, epaile batek haietako bat errugabetu du, protesta hura «legezkoa, zilegizkoa eta eraginkorra» izan zela iritzita.

KEM Kontzientzia Eragozpen Mugimenduak adierazi du Administrazioarekiko Auzietako Gasteizko 1. epaitegiko Rosa Esperanza Sanchez epailearen erabakia «aitzindaria» dela, «desobedientzia zibilaren legitimitatea aitortzea dakarrelako, parte hartze politikorako tresna gisa», eta «adierazpen askatasuna» aldarrikatzen duelako, «oraindik indarrean dagoen mozal legeak ekarritako eskubide murrizketen aurrean».

KEMek gogorarazi du 2019ko protesta haren helburua izan zela BBVAren mozkinak «odolez zikinduta» daudela aldarrikatzea: «BBVA armagintzan gehien inbertitzen duen Espainiako bankua da, eta armak ekoizten dituzten enpresak finantzatzen ditu; arma horiek hainbat gerratan erabiltzen dira, eta munduan zehar milioika pertsonaren heriotza eta nahitaezko desplazamendua eragin». Halaber, salatu du bankuak «ehunka etxegabetze» gauzatzen dituela urtero, «bankuen erreskatetik 13.000 milioi euro jaso dituen arren», eta «pentsioen pribatizazioan sakontzeko presioa egiten duen lobbyaren parte» dela.

Segurtasun Sailaren asmoa zen Koldobike Velasco ekintzaileari 602 euroko isuna ezartzea, «desobedientzia falta larria» egin zuelakoan. Epaiak bertan behera utzi du du isun hori, eta Segurtasun Saila auziaren gastuak ordaintzera zigortzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.