RB Leipzig 2-2 Reala

Realak bina berdindu du Alemanian, eta Donostian erabakiko da Europa ligako kanporaketa

Txuri-urdinak bi aldiz aurreratu dira markagailuan, baina Leipzigek neurketa orekatzea lortu du. Le Normandek egin du donostiarren lehen gola, eta Oiartzabalek penaltiz egin du bigarrena. Etxekoek ere gisa horretara egin dute azken gola.

Mikel Oiartzabal Realaren bigarren gola egiten, penaltiz. CLEMENS BILAN / EFE
Jon Ander De la Hoz.
2022ko otsailaren 17a
23:15
Entzun

Abantaila galtzea, edo aukerei lotzea: nola erreparatu, hala baloratzen da joaneko partida. Realak itzulerako neurketara aukerekin ailegatzeko xedez bidaiatu zuen Alemaniara. Esan eta egin: bina berdindu du Leipzigen, eta Anoetan erabakiko da zein taldek jarraituko duen Europa ligan. Donostiarrak bi aldiz aurreratu dira markagailuan, baina etxekoek birritan lortu dute partida berdintzea.

Reala ia tupustean aurreratu da. Konturatzerako egin du lehen gola. Bederatzigarren minutuan Robin Le Normandek egin du; ezker hegaletik abiatutako jokaldian, Diego Ricok egindako erdiraketa orraztu du Alex Sorlothek, eta Le Normandi ailegatu zaio baloia. Eroso errematatuta, sarera jaurti du (0-1).

Eskerrak horri, etxekoak berehala suspertu baitira.  Leipzigek pixkanaka jokoaren agintea hartu, eta zelaian aise nagusitu da; askoz hobeto aritu da lehen zatian. Kontrara, txuri-urdinak gehiegi sufritu gabe, baina etenik gabe aritu dira defentsako lanetan. Harik eta saiakera haietako batean Leipzigekoek berdinketa lortu duten arte. Angeliñok ezker hegaletik erdiratu du, eta Nkunku aurrelariak buruz errematatu du baloia, gola eginaz. Ordu erdia bete denerako orekatu dute emaitza  (1-1).

Leipzig nagusi zela, garaipena lortzekotan bigarren zatian aurrerako urratsa egin behar zuen Realak. Gutxika-gutxika egin du: bere areatik aldendu ditu etxekoak, eta zelaian hobeto kokatu da. Imanolenek erasora sarriago egin dute, eta orduan ailegatu da bigarren gola. Korner batean Cristian Portuk gertu eduki horretarako aukera; Realaren bigarren jaurtiketa izan da, baina, aurrez, Leipzigeko jokalari batek eskuz ukitu du baloia: penalti.

Mikel Oiartzabalek ez du hutsik egin: 1-2. Hurrengo minutuetan aurrerako urratsa egin dute alemaniarrek. Beharra zuten. Realaren areara egin dute, eta 80. minutuan Joseba Zalduak egindako penaltia adierazi du epaileak. Duda-mudako erabakia probestuz, Forsbergek binakoa egin du. Etxekoek zenbait aukera izan dituzte azken minutuetan; Matt Ryanek eta atzelariek lotu dute berdinketa. Neurketaren hondarrean Asier Illarramendi eta Ander Martin zelairatu ditu Imanolek: baten itzulera, eta bestearen debuta. Ostegunaren atarian, haien eta gainontzekoen beharra izango du: lehia zabal-zabalik dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.