Musika

Tomas Aragues konpositorea hil da

Donostiako kontserbatorioko irakasle eta zuzendari izan zen, eta Euskadiko Orkestrarekin ere hurbileko harremana izan zuen hasieratik.

Tomas Aragues konpositorea. BERRIA
Berria
2022ko otsailaren 18a
10:22
Entzun

Musika klasikoko konpositorea izan da Tomas Aragues Bernad, klasizismo formalaren bidetik egin duena ibilbidea. 1935ean jaio zen, Albalate de Arzobispon (Teruel, Espainia), baina Barakaldora (Bizkaia) lekualdatu zen umetan familiarekin, aitak herri horretako udal banda zuzentzeko postua eskuratu zuenean. Hala, aitaren arrastoari segituta, Bilboko kontserbatorioan egin zituen lehen musika ikasketak Araguesek, eta Galizian eta Italian jarraitu zuen ondotik.

Liturgiara bideratutako erlijio musika ugari idatzi zuen, eta, batik bat, Donostiako kontserbatorioari estu lotuta gelditu da haren izena; irakasle aritu baitzen urteetan, eta baita zuzendari karguan ere, 1980-1983 urteen artean. Besteak beste, kontserbatorioko orkestra eta Easo Abesbatza ere zuzendu zituen, eta Euskadiko Orkestra sortu zenean, 1982an, zuzendaritzari loturiko zereginetan parte hartu zuen.

Joserra Senperena musikariak konpositorearen galerarengatik doluminak eman ditu jendaurrean: «Tomas Aragues hil da, euskal musikaren erreferentea. Langile nekaezina, itzalean egotea nahiago duten horietakoa. Ez adiorik, maisu».

Lanaren aitortza

Euskal Herrian ibilbide musikal luze eta oparo bat eginda hil da, beraz, Aragues. Nolanahi ere, Araguesek azken urteetan jaso ditu zenbait aitortza musika munduan egindako lanaren erakusle izan direnak. Izan ere, Donostiako kontserbatorioko ikasleen esker ona jaso zuen, 2000. urtean; erretiroa hartu izana eskertzeko ekitaldi bat egin baitzioten.

Euskal musikagintzaren esker ona ere jaso zuen 2015ean, bere lanetan oinarritutako programa berezi batekin omendu baitzuen Donostiako Kursaalean. Bere 80. urtebetetzearen harira egin zioten omenaldia, eta bertan izan ziren Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Donostiako Orfeoia, Andra Mari abesbatza, Easo abesbatza eta La Salle anaidia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.