Tabakalerak 'Une musique intériure' erakusketa zabalduko du gaur

Gaur inauguratuko dute, eta apirilaren 24ra bitartean egongo da ikusgai.

Gaur zabalduko dute 'Une musique intériure' erakusketa, Tabakaleran. TABAKALERA
Jone Bastida Alzuru.
2022ko otsailaren 18a
12:16
Entzun

Une musique intérieure (Jokabidea, hizkuntza, ahotsa eta barne entzumena) erakusketa zabalduko dute gaur Donostiako Tabakalera zentroan, Lau Pareta aretoan. Askotariko diziplinak dituen proiektu gisa definitu dute: «Publikoa, barne musika baten modura, barne bizitzaren eta kanpo munduaren arteko harremanak orekatzeko erabiltzen dituen portaera eta lengoaiak zalantzan jartzera gonbidatzen duen egitasmoa». Gaur inauguratuko dute, eta apirilaren 24ra bitartean egongo da ikusgai.

Erakusketaz gain, jarduera programa «zabal» batek osatzen du proiektua: performanceek, kontzertuek, hitzaldiek eta beste. Tokiko eta nazioarteko artistek hartuko dute parte. «Une musique intérieure-k partiturak, ariketak, oharrak eta jarraibideak aztertu, eta kontzertu, performance, irakurketa eta hitzaldi bezala aktibatuko ditu».

Georgia Sagri eta Delia Gonzalez artisten performance baten interpretazioarekin abiatuko dute egitasmoa: Solo - Nature Study Notes - 1969-2019 [Athens Version] 2021. Atenasen egin zuten obra horren lehen bertsioa, joan den udan, eta, jakinarazi dutenez, Donostian esparru kultural, estetiko eta instituzional berri batean sortzen dituen harrera moduak aztertzeko «beste modu bat» bilatu nahi du: «Pieza honek, beste obra eta esku hartzeekin batera, publikoa bere barne musikarekin duen harremana aurkitzera bultzatzen du». 18:00etan hasiko da; jarraian egingo dute erakusketaren irekiera.

Erakusketak 60ko eta 70eko hamarkadetako arte kontzeptualaren ondarea aztertuko du, «ekoizpen artistiko berrien eta hainbat berrikuspen historikoren bidez». Pierre Bal-Bancek egingo ditu komisario lanak, Oier Etxeberriarekin solasean.

Guztira, hamasei artistaren lanak erakutsiko dituzte; besteak beste, Donostian bizi zen Amable Ariasena. Nazioartean proiekzio handia izan duten artisten belaunaldi berri bat ere izango da: hala nola Eva Barto, Delia Gonzalez, Daniel Gru, Mattin, Georgia Sagri eta Matthieu Saladin. Horietako batzuk lan berriak ekoitzi dituzte erakusketarako; beste batzuek, berriz, testuingurura egokitu dituzte.

Une musique intérieure-k duela hilabete batzuk Tabakalerak soinuaren eta musika esperimentalaren inguruan abian jarri zuen lan ildoari jarraituko dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.