Hezkuntza legea

LABek hezkuntza sare bakarrerantz bidea egitea proposatu du

Euskalgintzaren Kontseiluak hemezortzi zuzenketa aurkeztu dizkio hezkuntza hitzarmenerako lehen testuari. LABek eskola publikoan, «kontzertazio unibertsala» amaitzean eta langileen lan baldintzetan jarri du arreta.

LABeko irakaskuntza idazkari Irati Tobar, artxiboko irudi batean. RAU BOGAJO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko otsailaren 18a
12:42
Entzun

Euskalduntzeari, publikotasunari eta segregazioari lotutako zuzenketak aurkeztu dizkiote LABek eta Euskalgintzaren Kontseiluak hezkuntza akordiorako zirriborroari. Sindikatuak sistema duala gainditu eta hezkuntza sistema bakarrerantz egitea proposatu du, baita euskarazko murgiltze eta mantentze eredua ezartzea eta «kontzertazio unibertsala amaitzea»; Euskalgintzaren Kontseiluak, berriz, eskatu du, besteak beste, hezkuntza itunak esatea orain dela garaia «hizkuntza ereduen sistema segregatzailetik eredu orokortu inklusibora» jauzia egiteko eta legeak jasotzeko «ikasle guztiei euskara gaitasun egokia bermatuko dien eredu orokortua» ezarriko duela. Berez gaur zen amaitzekoa zuzenketak aurkezteko epea, baina atzo erabaki zuten beste hamabost egunez luzatzea. Halere, Euskalgintzaren Kontseiluak eta LABek gaur bertan egin dituzte zuzenketak.

LAB sindikatuaren irudiko, zirriborroan badaude norabide egokia duten hainbat puntu; hala nola kuotak desagerrarazteko asmoa, euskalduntzearen aldeko «borondatea» eta herri mailako eskolaratze eta planifikazio batzordeak sortzea. Ordea, hiru gai nagusiri lotutako ekarpenak egiteko beharra ikusi du: publikotasunari, euskarari eta lan baldintzei buruzkoak.

Batetik, eskola publikoaren aldeko jarrera «argia» izan dadin eskatu du, eskola publikoa erdigunean jarriz eta sistema publikoa ardatz duen hezkuntza sistema eraikiz. Hala izan dadin, sindikatuak proposatu du egungo eredu dualetik sare bakarrerako bidea egitea, bi sareak batera ekarriz, ez biak mantenduta eta betikotuta. Azaldu dute sistema hori deszentralizazioan oinarrituriko publikotasun berri batean oinarrituko litzatekeela.

Gainera, begi onez ikusten dute «kontzertazio unibertsala» amaitzea eta diru publikoa jasotzen duten ikastetxeei baldintzak jartzea. Betebehar horiek zein diren ere zehaztu dute: Segregazio guztiak gainditzea eta inklusiboak izatea, euskarazko murgiltze eredua bermatzea, laikoa izatea, hezkidetza «egiturazkoa» izatea eta parte hartzea bultzatzea. Konpromiso batzuk hartzera behartzearekin batera, uste dute diru publikoa jasotzeak titulartasunean ere eragina izan beharko lukeela. «Trantsiziorako» proposamen bat egin dute: «Baldintza eta betebehar berberak izango lituzketen ikastetxeez osatutako sistema berria sortuko litzateke, eta denak egongo lirateke udal eta eskualde mailako planifikazio publiko bateratuan txertatuta».

Gainera, euskara eta curriculuma ere izan dituzte hizpide. LABek murgiltze eta mantentze eredua defendatu du: «Euskararen murgiltze eta mantentze eredua definitu eta ezarri behar da hezkuntza komunitate osoarentzat, 0 urtetatik Lanbide Heziketara». Euskal curriculumaren «gogoeta sakonagoa» egitea ere galdegin du.

Azkenik, hezkuntzako langileek eduki beharko dituzten lan baldintzez aritu dira. Zirriborroak irakasleak bakarrik aipatzen dituela gaitzetsi dute, eta nabarmendu dute gainerako langileak ez direla aparte utzi behar. Guztien lan baldintzak hobetzeko proposamen erreskada egin du sindikatuak: langileen egonkortasuna bermatzea, azpikontratazioarekin bukatzea, ratioak jaistea, etengabeko prestakuntza ematea eta kontziliaziorako neurriak jartzea.

Eredu orokorturako bidean

Euskalgintzaren Kontseiluak, orotara, hemezortzi zuzenketa aurkeztu ditu, lehenengo biak, hezkuntza eragileekin adostutakoak. Nabarmendu dute abenduan eskatu zutela hurrengo legeak berariaz jaso dezala «ereduen sistema baztertzailea» gaindituko duela, EHIGE, Ikastolen Elkartea, Heize, Kristau Eskola, Hik Hasi, ELA, LAB eta Steilasekin batera egin zuten agerraldi batean. Euren eskera aintzat ez hartu izana salatu dute: «Hezkuntzaren gehiengoaren eskaerak oinarrien zirriborroan jaso ez izana, harriduraz ez ezik, kezkaz ere hartu du Kontseiluak». Izan ere, zehazki hauxe jasotzen du testuak: «Eredu eleaniztun baten aldeko apustua egiten dugu, euskara ardatz duena eta bi hizkuntza ofizialetan eta gutxienez atzerriko hizkuntza batez egituratzen dena».

Horren aurrean, Kontseiluak esan du hitzarmenak jaso beharko lukeela orain dela garaia aurrera egin eta «hizkuntza ereduen sistema segregatzailetik eredu orokortu inklusibora» jauzia egiteko. Gainera, legeak harago jo beharko lukeela uste dute: «[Zuzenketak] eskatzen du ereduen sistema baztertzailea gainditu eta ikasle guztiei euskara gaitasun egokia bermatuko dien eredu orokortua ezarriko duela jasotzeko». Kontseiluaren esanetan, «adostasun ikaragarri handia» duten ekarpenak dira bata zein bestea, eta ez muzin egitea galdegin dute.

Hezkuntza eragileekin adostutako bi ekarpen horiez gain, beste hamasei zuzenketa ere proposatu ditu Kontseiluak. Oro har, nabarmendu dute dokumentuak zehatzagoa izan behar duela, eta eskaera bat ere egin dute: Euskara ardatz duen eredu eleaniztunaren ezaugarriak modu zehatzagoan adierazi behar ditu. Kontseiluaren irudiko, oraingoa «aukera izugarria» da justiziaren, berdintasunaren eta kohesioaren alde egiteko, eta hala ohartarazi du: «Hori guztia ez da etorriko ikasleak hizkuntzaren arabera bereizten jarraitzen bada». Horrenbestez, alderdiei eskatu die itunean lehentasuna emateko euskaraz jakiteko eskubidea bermatzeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.