Inauterietako desfilea bitan banatuta egingo dute Donostian

Erdialdean eta Gros auzoan egingo dituzte desfileak otsailaren 26an eta 27an. Ospakizunak auzoetara ere zabalduko dituzte, eta martxoaren 12ra arte iraungo dute.

Cristina Nieto, Jon Insausti eta Julen Nieto, gaurko aurkezpenean. MAIALEN ANDRES / FOKU
ane insausti barandiaran
2022ko otsailaren 18a
13:39
Entzun

«Aurten bai. Zorionez, eta merezi dugulako, berreskuratuko ditugu hain maitatuak eta kuttunak diren Donostiako inauteriak», azaldu du Jon Insausti Festa Jardueretarako zinegotziak. Inauteriak Donostiako kaleetara itzuliko dira, osasun egoerara egokitutako egitarauarekin. Otsailaren 26an eta 27an egingo dituzte desfile nagusiak. Erdiguneko desfileez gain, ordea, Donostiako Inauteriak auzo guztietara zabalduko direla adierazi du Insaustik. Añorgan, adibidez, eskaintza berri bat izango da, Dibertimendua izenekoa.

«Saiatu gara 2020. urtean ospatu genituen Inauterietako xarma eta espiritu horretara bueltatzen, indarrean dauden arauak errespetatuz. Behar den segurtasuna, zorroztasuna eta zuhurtzia izango ditugu antolakuntzan eta egitarauan». Desfilea bitan zatitu dute, eta bakoitzak ibilbide bat egingo du: bata erdialdean egingo dute, eta bestea, berriz, Gros auzoan. Horietako bakoitzean 950 pertsona inguruk parte hartuko dutela adierazi dute. Horrez gain, konpartsetako kideek maskara eraman beharko dute desfileetan.

Momo Jainkoa eta segizioa aukeratzeko arduradunak Errenteriako (Gipuzkoa) Furius konpartsako kideak izan dira aurten. Julen Nieto izango da Momo Jainkoa, eta Cristina Nieto, berriz, segizioko parte. Julen Nietok adierazi du «hiriaren nortasuna bueltan ekarri behar duten jaiak izatea» gustatuko litzaiokeela. Cristina Nietok, berriz, mozorrotzeko eta konpartsak animatzera joateko dei egin die donostiarrei: «Inauteriak berriro bueltan ditugula disfrutatu dezatela. Kontziente izanez egoera oraindik ez dela betikoa, baina gozatzeko. Jendea mozorrotzera animatu nahi dut, eta konpartsak animatzera joatera», azaldu du.

Kartelari dagokionez, Murtziako (Espainia) Ruben Lucas diseinatzaile grafiko, argazkilari eta margolariak ondu du. Maria Kristina zubia oinarri hartuta osatu du ilustrazioa, zubia kolorez jantziz eta inauteri kutsua emanez, hura mozorrotuta.

Egitaraua

Otsailaren 24an emango diete hasiera Inauteriei, Momo jainkoaren etorrerarekin, 19:01ean. Ibilbidea egingo du hirian barrena, Pasai txarangak lagunduta. Egun horretan bertan, Euskal Inauteria izango da Parte Zaharrean.

Otsailaren 25ean, konpartsen aurkezpena egingo dute Ilunben, 21:01ean. Hurrengo egunean, larunbatean, hiriko erdigunean eta Grosen egingo dira desfile nagusiak, 17:01ean abiatuta. Añorgan, berriz, Dibertimentua ospatuko dute, 10:00etatik aurrera.

Otsailaren 27an, igandean, bezperako desfilea errepikatzeaz gain, Inauterietako Diana egongo da, Udalaren Txistulari Taldearen eskutik, 09:01etatik aurrera. Horrez gain, Antzinako Inauteria egingo dute hiriko kaleetan. Igandean, berriz, sardinaren ehorzketa egingo dute, erdiguneko Inauterien amaiera irudikatzeko.

Handik aurrera, auzoetan egingo dituzte inauterietako ospakizunak. Martxoaren 5ean, desfileak egingo dituzte Antiguako, Loiolako Erriberako eta Amarako kaleetan. Martxoaren 6an Altza auzoan Eltze Festa eta desfilea egingo dituzte, eta Intxaurrondon, berriz, Intxaur-Txiki konpartsaren desfilea. Azkenik, martxoaren 12an egingo dute konpartsen desfilea Bidebieta auzoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.