Animalien tratu txarrengatik zigorrak gogortuko dituen lege proiektua onartu du Espainiako Gobernuak

Juantxo Lopez de Uralde Unidas Podemoseko diputatu eta Alianza Verdeko koordinatzaile federalak nabarmendu duenez, «lege koherentea» da animalien eskubideekiko sentsibilitatearekin.

Animaliak dendetan saltzea eta erakustea debekatu nahi du lege proiektuak, besteak beste. Artxiboko irudia. DARREN HAUCK/ EPA
unai etxenausia
2022ko otsailaren 18a
17:48
Entzun

Espainiako Ministroen Kontseiluak gaur onartu du Animaliak Babesteko Lege Proiektua. Eta, bestalde, Zigor Kodearen erreforma bat eskatu du, animalien kontrako tratu txarrengatiko zigorrak gogortzeko, basa animaliek jasaten dituztenak barne. Horrez gain, animaliak hiltzea debekatuko da, baita animaliak dendetan saltzea eta erakustea ere, besteak beste. Juantxo Lopez de Uralde Unidas Podemoseko diputatua eta Alianza Verdeko koordinatzailea pozik agertu da erabakiarekin. Diputatuak adierazi duenez, «lege koherentea» da animalien eskubideekiko sentsibilitatearekin. «Amaitu da orain arte egon den zigorgabetasuna», ohartarazi du.

Animaliak sentikorrak direla aitortzen du legeak, besteak beste. «Kongresuan onartu zen Kode Zibilaren aldaketaren ondoren, animalien eskubideak babesteko oso aurrerapen garrantzitsua da; izan ere, animaliak sentikorrak direla aitortzen baitu, eta ez gauzak», nabarmendu du Lopez de Uraldek. Are, maskoten jabe berriei halakoak arduraz edukitzeari buruzko prestakuntza gainditu izana eskatuko zaie.

Zigorrak

Testuak isun desberdinak ezartzen ditu. Kasurik arinenetan, 600 eta 30.000 euro artekoa izan daiteke isuna; larrietan, 30.001 eta 100.000 euro artekoa; eta, oso larrientzat, 100.001 eta 600.000 euro artekoa.

Era berean, animalien abandonua amaitu nahi duen legea da, Lopez de Uraldek azaldu duenez: «Hori funtsezkoa da urtean 200.000 animalia abandonatzen diren herrialde batean». Legeak debekatu egiten ditu oilarren arteko borrokak edo animaliak erabiltzen diren zirkuak; izan ere, «gaur egun oraindik ere baimenduta daude, gizartearen aldetik gaitzespen handia eragiten duten jarduerak izan arren», amaitu du Lopez de Uraldek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.