Trans legea

EAJk, PSE-EEk eta EP-IUk trans legea erreformatzeko testua erregistratu dute Eusko Legebiltzarrean

Transexualitateari lehen mailako arreta zerbitzua eman nahi diote osasungintzan, eta adingabeak erabaki medikuak hartzeko gaitu. Hezkuntza sisteman eta lan arloan ere aldaketak proposatu dituzte, besteak beste.

Transfobiaren aurkako manifestazio bat, 2017an, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2022ko otsailaren 21a
11:53
Entzun

Transexualitatearen Lege Integrala moldatzeko egitasmoa Eusko Legebiltzarrera eramango dute EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk. Lehen biek ohar bateratu baten bidez jakinarazi dute 14/2012 legea erreformatzeko testu bat erregistratu dutela hiru alderdiek. «Trans komunitatearen eta hura ordezkatzen duten kolektiboen bultzadarekin eta lankidetzarekin» iritsi da egitasmoa ganberara, Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak eta Gloria Sanchez PSE-EEkoak izenpetutako oharraren arabera: «Protagonisten ahotsa ez izatea errealitateari bizkarra emanez eta ikuspegi mugatu eta desitxuratuarekin legeak egitea litzateke».

Orain, espero dute legebiltzarrak berrestea «gizarte zibilarekin lortutako akordioa», eta legearen erreforma «alderdi guztien laguntzarekin» aurrera ateratzea. Gai «garrantzitsuak» jasotzen ditu testuak, sinatzaileen arabera, eta aurreratu dute «transexualek eta transgeneroek» hezkuntzan, osasungintzan eta lan arloan dituzten «eskubideak» bermatu nahi dituztela. Horrekin batera, «pertzepzio sozial eta instituzionalari negatiboki eragiten dioten estereotipoak» gainditzen laguntzea ere nahi dute.

Osasungintzan, zerbitzuen zorroa zabaldu nahi dute hiru alderdiek, lege erreformaren bidez, eta, horrez gain, sei hilabeteko epea ezarri «transexualitateari Lehen Mailako Arretako Zerbitzuak eta Unitate Espezializatua abian jartzeko». Zerbitzu horrek erregelamendu maila izan du orain arte, eta aurrerantzean lege maila izatea nahi dute. Bestalde, testuak dio adingabeko transexualek «eskubidea dutela entzunak izateko eta erabaki medikoak hartzen parte hartzeko». Hala ere, zehazten du haren legezko ordezkariak emango duela baimena «tratamenduen norainokoa ulertzeko gai ez bada edo 16 urtetik beherakoa bada».

Hezkuntza sisteman ere proposatu dituzte aldaketak: «Sexu identitateagatik ez diskriminatzeko protokoloak garatuko dira, eta transexualak dauden zentroetan, hezkuntza komunitate osoaren prestakuntza bermatuko du sailak, irakasleak, administrazioko langileak, familiak eta ikasleak barne». Lan eremura ere zabaldu nahi dituzte diskriminazioaren kontrako planak, eta prestakuntza sustatu lan ikuskaritzako eta arriskuen prebentzioko arduradunentzat.

«Oztopo asko»

EAJk eta PSE-EEk ohar bateratuan gogoratu dute «genero arrazoiengatiko diskriminaziorik ezari eta transexualen eskubideei buruzko araudi propioa» izan zuen lehen autonomia erkidegoa izan zela EAE, 2012an, eta «despatologizaziorako eta norberaren nortasunari buruz erabakitzeko eskubiderako lehen erreforma» onartu zutela duela hiru urte. Horren jarraipen gisa aurkeztu dute legea aldatzeko proposamena. Halaber, egun oraindik transexualen eta transgeneroen «garapen osoa» lortzeko «oztopo asko» daudela nabarmendu dute: «Gudua ez da amaitzen gauden tokian. Aniztasuna errespetatzen duen gizartea lortzeak etengabeko borroka eskatzen du. Ezin diogu erne egoteari utzi, eta, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren alde urte luzeetan lan egin arren, eskubide guztiak bermatuta ez dauden espazioak geratzen dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.