Katalunia

Epaile batek bermatu du Kataluniak autodeterminazio eskubideari buruz eztabaidatu zezakeela

Ramon Saez epaileak azaldu duenez, Kataluniako Legebiltzarreko Mahaiak ez zuen zertan geldiarazi aurkeztutako mozioen eztabaida; izan ere, ez dagokio legebiltzarrean eztabaidagai jarritako arauen «konstituzionaltasunari edo konstituzionaltasunik ezari» buruzko epaiketak egitea.

Roger Torrent Kataluniako Legebiltzarreko Mahaiko orduko presidentea. Atxiboko irudia. QUIQUE GARCIA/ EFE
unai etxenausia
2022ko otsailaren 21a
19:08
Entzun

Otsailaren hasieran, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin zituen Kataluniako Parlamentuko Mahaiak (Herrialde Katalanak) 2019ko irailaren 25ean hartutako erabakiak: autodeterminaziorako eskubidearen alde indar independentistek sustatu, izapidetu eta onartu zituzten bi mozioak, hain zuzen. Epaiak aurkako bi boto izan zituen, Juan Antonio Xiol Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko presidenteordearena eta Ramon Saez epailearena. Saezek uste du eztabaida horiek legebiltzarrean eman behar zirela, eta Roger Torrent Kataluniako Legebiltzarreko Mahaiko presidenteak ez zuela zertan geldiarazi aurkeztu ziren mozioen eztabaida. Izan ere, azaldu duenez, organo horri ez dagokio legebiltzarrean eztabaidagai jarritako arauen «konstituzionaltasunari edo konstituzionaltasunik ezari» buruzko epaiketak egitea.

Epaiaren ebazpenean babesa ematen zaie garai horretan Ciudadanos alderdiko kide zirenei. Argudioa honakoa hau: «Kataluniako Legebiltzarreko Mahaiak haien ordezkaritza eskubideak eta parte hartze politikokoak urratu zituela, auzitegiak berak epai bidez adierazi baitzuen Kataluniako Legebiltzarrak ez zuela eskumenik eztabaida horietarako».

Saez, ordea, ez dago ados. Ondorioztatu du ebazpena Espainiako Auzitegi Konstituzionalak defendatzen duenetik aldentzen dela. Epaileak honela arrazoitu du: «Osoko bilkuran eztabaidatzeko ekimenak izapidetzea onartzeak, Auzitegi Konstituzionalaren aginduren bat betetzen ez badute ere, ez dakarkio kalterik legebiltzarkideek beren eginkizuna betetzeko duten eskubideari, ez baitu mugatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.