Musika

Metallicak San Mamesen joko du uztailaren 3an

Harekin batera izango dira Weezer, The Hellacopters, Nothing But Thieves eta The Regrettes taldeak ere. Sarrerak ostegunean jarriko dira salgai.

BBK Live jaialdian eskaini zuen kontzertua taldeak 2007an. LUIS JAUREGIALTZO/FOKU
aitor biain
2022ko otsailaren 22a
12:19
Entzun

Metallicak kontzertua emango du San Mamesen, datorren uztailaren 3an. Kaliforniako heavy metal talde ezagunak 40 urte bete ditu, eta, hori ospatzeko, dozenaka kontzertu egingo ditu munduan zehar. Bada, gaur jakinarazi du Bilbon ere joko duela udan. «Pozik gaude Europako udako oporrei azken kontzertu bat gehitzeaz, Bilbora joango baikara uztailaren 3an», adierazi du taldeak berak bere webgunean.

Bilbo-Bizkaia Rock Day jaialdia egingo dute egun horretan; Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak eta Live Nation kontzertu sustatzaileak antolatu dute jaialdia, eta, Metallicaz gain, bertan ariko dira Weezer, The Hellacopters, Nothing But Thieves eta The Regrettes taldeak ere. Guztira, 45.000 lagunentzako tokia izango da, eta sarrerak ostegunean jarriko dira salgai, Ticketmaster plataforman eta Live Nationen webgunean (www.livenation.es).

«Bi urte oso gogor igaro ondoren, ilusioa, kultura eta musika berreskuratu behar ditugu, eta Metallicaren kontzertuak horretan lagunduko digu», esan du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak kontzertua iragartzean. Izan ere, izurria hasi zenetik ez da tamaina horretako ekitaldirik handirik egin Euskal Herrian, eta mugarria ezarriko du, kontzertuak jaialdiaren antolatzaileek adierazi dutenez. «Oso garrantzitsua da rock musikaren zaleentzat ezinbestekoa eta mitikoa den talde honen beste kontzertu ikusgarri bat izatea Bilbon. Ziur asko, nazioarteko ekitaldi hauen itzuleraren zain zeuden jarraitzaile asko liluratuko ditu», adierazi du Juan Mari Aburto Bilboko alkateak. Kontzertura ere joango dela iragarri du, gainera.

40 urte, 10 disko

Trash metal taldeak 1980ko hamarkadan hasi zuen bere bidea. James Hetfieldek eta Lars Ulrichek sortu zuten taldea, eta 1983an argitaratu zuten aurreneko diskoa: Kill 'Em All. Kirk Hammett eta Cliff Burton batu zitzaien ordurako. Taldea entzuleak erakartzen hasi zen, pixkanaka, baina nazioarteko arrakasta Master of Puppets (1986) diskoarekin lortu zuten, batez ere. Ordutik hamar disko kaleratu ditu guztira, eta ehun milioi kopia baino gehiago saldu ditu denera. 2016an eman zuen azkena: Hardwired... to Self-Destruct.

AEBetan hasi eta mundu osoan zehar ariko da laukotea datozen hilabeteetan 40. urteurrena ospatzeko: Txile, Argentina, Brasil, Danimarka, Herbehereak, Italia, Txekiar Errepublika, Alemania, Frantzia, Suitza eta Belgika bisitatuko ditu Euskal Herrira etorri aurretik. Orain 15 urte izan zen azkenekoz taldea hemen. 2007an izan zen, BBK Live jaialdian, Bilbon. 40.000 lagunetik gora bildu zituen taldeak, Kobetamendin orduan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.