Lan gatazkak

ITP Aero PCBko 83 kaleratzeak baliogabeak direla berretsi du Auzitegi Gorenak

Ez du onartu turbina enpresaren helegitea, eta etxean zituen langileak fabriketan onartu beharko ditu

PBko bi langile elkar besarkatzen EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena jaso zuten egunean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko otsailaren 23a
10:19
Entzun

ITP Aero PCBk kaleratu nahi zituen 83 langileak Sestao eta Barakaldoko (Bizkaia) fabriketara itzuliko dira. Auzitegi Gorenak ez du onartu enpresak jarritako helegitea, eta berretsi egin du EAEko Auzitegi Nagusiak maiatzean emaniko ebazpena: PCBk egin nahi zuen lan erregulazioa baliogabea da. Bere garaian EAEko Auzitegi Nagusiak emaniko argudioak ontzat eman ditu, eta langileak beren txandetara itzuli ahalko dira.

Madrilgo epaitegiak, beraz, arrazoia eman die langileei. Aeronautika enpresak EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenari helegitea jarri zionetik, 83 langileak etxean zeuden soldata osoa jasotzen, baina ez zien lantegian sartzen uzten. Legezko neurria zen, epaia ez baitzen erabat irmoa. Orain, berriz, txandetan sartu beharko ditu, epaitegiek berretsi egin dutelako ez duela haiek kaleratzeko arrazoirik.

Precision Casting Bilbao (PCB) ITP Aero aeronautika enpresaren fundizioa da. Barakaldon eta Sestaon ditu plantak, eta hango langileen borroka 2020ko abenduan hasi zen. Enpresak lan erregulazio bat jarri zuen abian, hasieran 136 langile finko kaleratzeko asmoz. Ordurako berritu gabea zegoen ehundik gora behin-behineko langileren kontratua. Negoziazio epean ez zen akordiorik egon, baina enpresak 83ra murriztu zuen kopuru hori.

Auzibidea hasi zen ondoren. Langile batzordeko sindikatuek helegitea jarri zuten EAEko Auzitegi Nagusian, lan erregulazioa egiteko arrazoirik ez zegoela argudiatuta. Eta arrazoia eman zien. Espainiako Gobernuak COVID-19aren eraginez kaleratzeak egitea debekatzen zuen dekretuan oinarritu zuten ebazpena, eta, PCBri dagokionez, aldi baterako erregulazio batekin aski zela esan. Enpresak, baina, ez zuen onartu, eta helegitea jarri zuen Gorenean. Iragan astean berrikusi zuten auzia, eta gaur berretsi dute kaleratzeak baliogabeak direla.<br />
PCB ITP Aeroren lan gatazkaren kronologia.
Hamabost hilabete luze eta bi epaiketako gatazka izan da ITP Aero PCBkoa. Langileek beti esan dute enpresak ez zuela kaleratzeak egiteko arrazoi ekonomikorik.

2020ko azaroaren 18a
136 kaleratze.
Zamudioko plantetako kaleratzeen ondoren, ITP Aerok lantaldea murrizteko beharra zuela jakinarazi zuen. PCBn lan erregulazio bat abian jarri zuen, hasieran 136 langileri eragingo ziena. Aurretik behin-behineko 100 langileri kontratua ez berritzea erabaki zuten. Langileek greba hasi zuten.

2020ko abenduaren 24a
Akordiorik ez.
Lan erregulazioko negoziazio epea akordiorik gabe amaitu zen. Enpresak, geroago, 87ra murriztu zituzten kaleratzeak.

2021eko otsailaren 1a
Istiluak.
Langileek piketeak egin zituzten greban. Ertzaintza hainbatetan oldartu zitzaien. Otsailaren 1eko liskarrak bereziki gogorrak izan ziren. Ertzain batek sudurra hautsi zion Javi Gomez CCOO-Euskadiko industria arduradunari. Langileek hainbatetan salatu dute Ertzaintzaren bortizkeria.

2021ko apirilaren 28a
Epaiketa.
Langile batzordeak epaitegietara jo zuen, eta EAEko Auzitegi Nagusian epaitu zen kasua. Enpresak kaleratze bidegabeak eskatu zituen, sindikatuek, aldiz, baliogabeak.

2021eko maiatzaren 4a
Kaleratze baliogabea.
Epaileak arrazoia eman zien langileei. Koronabirusaren eraginengatik kaleratzeak egitea debekatzen duen dekretua oinarritu zuen ebazpena. Aldi baterako neurriekin aski zela ebatzi zuen, eta langileak berriz hartzera behartu zuen enpresa. Langileek greba utzi zuten.

2021eko maiatzaren 5a
Helegitea.
Enpresak ebazpenari helegitea jarriko ziola jakinarazi zuen. Auzitegi Gorenera jo zuen. Bitartean kaleratu asmo zituen langileak plantetan ez zirela sartuko jakinarazi zuen. Etxean egon dira soldata guztiak kobratzen. Langileek adosturiko konponbide bat eskatu zuten jendaurrean.

2021eko irailak 26a
ITP Aeroren salmenta.
Rolls Roycek ITP Aero saldu zion Bain Capital inbertsio funtsari. 1.400 milioi euroko operazio bat izan zen. Harekin batera industria munduko hainbat akziodunek hartuko dute lema. PCB ITP Aeroren fundizioa da. Langileek salmenta erraztu nahi izatea ikusten zuten kaleratzeen atzean.

2021eko abenduaren 17a
Isunak.
Langileek greba garaiko isunak jasotzen ari zirela salatu zuten. 5.000 eurotik gora guztira. Bati 700 euroko isuna jarri zioten ertzain baten ezkutuaren aurka «talka» egin zuelako.

2022ko otsailaren 16a
Epaiketa gorenean.
Gatazka hasi eta hamabost hilabetera, Auzitegi Gorenak zuen azken hitza.

2022ko otsailaren 23a
Arrazoia langileei.
Gorenak berretsi egin du kaleratzeak baliogabeak direla. Abokatuek hurrengo astean jasoko dute sententzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.