Emaitzak

Iberdrolak 3.884,8 milioi euro irabazi ditu 2021. urtean, %7 gehiago

Inoizko argindar preziorik handienaren urtean, AEBei eta Brasili esker handitu ditu irabaziak, Bilboko konpainiak esan duenez

Ignacio Sanchez-Galan eta Boris Johnson, aurten. IBERDROLA
xabier martin
2022ko otsailaren 23a
11:25
Entzun

Euskal Herrian, Espainian eta Erresuma Batuan negozioak behera egin duela azaldu du Iberdrolak, energiaren prezio garestiek zamatuta, baina AEBetan eta Brasilen hazkundea izan duela, eta, horri esker, %7 handitu dituela irabaziak 2021. urtean, 3.884,8 milioi euroraino. Are, CNMV arautzaileari esplikatu dio mozkinak handiagoak liratekeela bere bezeroen prezio finkoei eutsi izan ez balie. Mozkin garbia, aldagai fiskalekin eta eraginkortasun neurriekin, 3.707 milioi eurokoa da. EBITDA emaitza, berriz, ustiaketa emaitza gordina, %19,6 handitu du Jose Ignacio Sanchez-Galanek zuzentzen duen konpainiak, 12.005 milioiraino. Iberdrolak emaitza hori aurreikusi zuen 2022rako, baina urtebete lehenago lortu du, eta horrek esan nahi du 2022rako 4.000 eta 4.200 milioi euro arteko irabazi garbia espero duela orain.

Iberdrolaren emaitzen eboluzio positiboan zerikusia izan dute Espainian izan diren zenbait ebazpen judizialek eta beste neurri batzuek. 912,9 milioi euroko irabazia lortu du konpainiak aldagai horiekin. Eraginkortasun neurriengatik, berriz,%11,4 igo da haren EBITDA. Dena den, Bilboko konpainiak AEBtako eta Brasilgo negozioei egotzi die emaitzen hobekuntza, eta baita energia berriztagarri gehiago ezarri izanari ere, Ā«prezio garestiagoekin EspainianĀ».

Inbertsioari dagokionez, 9.940,6 milioi euroko ahalegina egin zuen Iberdrolak, 2020ean baino %3 gehiago, eta diru horren %85 sareen negoziora eta energia berriztagarrien ekoizpenera bideratu zuen. Energia berriztagarriek, hain zuzen, inbertsioaren %43,9 izan zuten, 3.500 megawatt ezarri ondoren, eta beste 7.800 megawatt ezartzeko bidean dira (eraikitzen). Hala, 38.000 megawatteko potentzia instalaturik dauka jadanik mundu zabalean; eraikitzen ari diren instalazioen artean, 2.600 megawatt itsasoko energia eolikoan dira. Gaur egun, 1.258 megawatt dauzka jarrita teknologia horren alorrean, eta 2025erako 2.600 megawatt izatea espero du.

Inbertsioak eta dibidendua

Eta non egin duen inbertsiorik handiena? Ba, AEBetan, batetik, 2.736 milioi eurorekin, eta Espainian, bestetik, 2.386 milioirekin. Brasilera beste 1.892 milioi euro bideratu zituen inbertsiorako. Gainontzeko 1.566 milioiak Europako zenbait herrialdetan banatu zituen.

Bestalde, amortizazioak eta hornidurak %4,2 igo ditu 2021ean Iberdrolak; COVID-19ak eragindako berankortasuna jaitsi egin dela dio enpresak, baina taldearen jardueraren igoerak ekarri duela hornidurak ere handitzea. 4.196,2 milioi euroko amortizazioak egin ditu azken urtean, eta hornidurak 466,7 milioi eurokoak izan dira.

Emaitzak aintzat hartuz, Iberdrolak akziodunei proposatuko die akzioko 0,44 euroko ordainketa egitea: 2020an baino %5 gehiago. Hala, administrazio kontseiluak proposatuko du akziodunen batzarrean dibidendu osagarri bat banatzea: 0,27 akzioko.

Bilboko konpainiaren kutxaren zirkulatzailea %9 handitu da, eta 8.914 milioi eurokoa da gaur egun. Likidotasuna, berriz, 19.500 milioi eurokoa da, eta finantza zorra 3.435 milioi euro handitu da, 35.925 milioi euroko zorra pilatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.