Enplegua

Lan ikuskaritzak ikertu ostean, 16.000 kontratu mugagabe bihurtu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Gutunak jaso ostean oraindik kontratuak erregularizatu ez dituzten enpresek ikuskariaren bisita izango dute 2022. urtean. Ikuskaritzak 4,8 milioi euro jarri ditu isunetan iaz, segurtasuneko, lan harremanetako eta enpleguko arau hausteengatik.

Lan eta Enplegu saileko buruak, gaurko aurkezpenean. IREKIA
Irune Lasa.
2022ko otsailaren 23a
13:20
Entzun

Lan ikuskaritzak 15.000 jarduketatik gora egin ditu iaz, eta 4,8 milioi euro jarri ditu isunetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Lan Ikuskaritzaren urteroko balantzea gaur aurkeztu dute Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak eta Elena Perez Barredo Laneko sailburuordeak.

Segurtasunaren eta osasunaren arloan egin ditu ikuskaritzak jarduketa gehien (9.058), eta 396 kasutan ikusi ditu arau hausteak. 2,7 milioi euroren isunak eta 1.342 errekerimendu izan dira ondorioak.

Lantokietako segurtasun baldintzen kontrolean atzeman dira arau hauste gehien (78), eta eraikuntzako segurtasun eta baldintza materialak dira zerrendan hurrengoak, 38 arau hausterekin.

Perez Barredok azaldu du lan istripu hilgarriak eta oso larriak denak ikertzen direla, eta ikerketa horien emaitza 2021. urtean hau izan dela: hemeretzi zehapen espediente (zigor) eta hamasei zuzenketa errekerimendu.

Istripu larriei dagokienez, ez dira guztiak ikertzen, baina iaz ikertutakoetatik Lan Ikuskaritzak 73 zehapen espediente zabaldu ditu, eta 94 zuzenketa errekerimendu egin. Istripu arinekin, berriz, 126 zigor espediente eta 112 errekerimendu egin ditu.

Hain zuzen, lan istripuen tasak izango dira Eusko Jaurlaritzako Lan Ikuskaritzaren jomuga nagusietako bat 2022. urte honetan. Espainiako Iruzurraren Kontrako Erremintarekin diseinatu da ikuskatuko diren enpresen zerrenda, eta Perez Barredok hura ikusi du. «Azkenaldian istripu hilgarriak edota oso larriak izan dituzten enpresak dira, eta Euskadin eraikuntzako enpresak izango dira asko, altuerako erorikoen intzidentziarengatik».

Iruzurra kontratuetan

Inspekzioaren beste egiteko garrantzitsu bat behin-behineko kontratuekin egiten den iruzurra ikertzea da. Lan horretan, 2021. urtean 33.816 kontratu aztertu ditu ikuskaritzak, eta 16.494 kontratu mugagabe eta lanaldi osoko bihurtu dira.

Kontratazio iruzurra atzemateko, bere ohiko jardunaz gain, ikuskaritzak ekintza planak egiten ditu aldian behin. Eta iazkoek datu interesgarriak erakutsi dituzte. 2021eko otsailean eta martxoan egindako kanpainarekin 6.444 kontratu bihurtu ziren mugagabe eta lanaldi osoko, eta horietatik %77,73 ziren emakumeenak.

Urrian, Lan Sailak kontratazio iruzurra atzemateko beste ekintza plan bat abiatu zuen. 14.385 kontratu berrikusi zituen ikuskaritzak, eta horietatik 7.708 mugagabe eta lanaldi osoko bihurtu dituzte enpresek euren borondatez, betiere ikuskaritzaren gutuna jaso ondoren. Gutunak jaso ostean oraindik kontratuak erregularizatu ez dituzten enpresek ikuskariaren bisita izango dute 2022. urtean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.