hezkuntza

Nafarroan D ereduan matrikulatzeko eskatu dute euskalgintzako eta hezkuntzako hamabost eragilek

Nabarmendu dute euskarazko eredua baliagarria dela hizkuntza ikasteko, baita kohesiorako eta Nafarroa hobeto ezagutzeko ere.

Eragileek egin duten agerraldia, gaur goizean, Iruñean. EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA
Irati Urdalleta Lete.
2022ko otsailaren 23a
16:07
Entzun

Euskalgintzako eragileek, hezkuntzakoek eta sindikatuek agerraldia egin dute Iruñean, eskaera bat eginez: Nafarroako gurasoei galdegin diete seme-alabak euskarazko ereduetan matrikulatzeko. Aurrematrikula epea irekitzear dela, ikastoletako edo ikastetxe publikoetako D eredua hautatzeko gonbita egiteko elkartu dira hamabost eragile: Euskalgintzaren Kontseilua, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Sortzene, NIZE, Dindaia, AEK, IKA, Euskaltzaleen Topaguneak, Euskal Herrian Euskaraz, Udako Euskal Unibertsitatea, Emun, ELA, LAB eta Steilas.

Eragileen izenean, euskaraz ikastearen bertuteak izan ditu hizpide Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak. Hizkuntza eskuratzeko tresnatzat dauka: «Ezagutzari dagokionez, euskarazko ereduak haurrei beste edozein ereduk baino gehiago ematen die». Hizkuntzaren batera, Nafarroa hobeto ezagutzeko paradatzat: «Hizkuntza bat ezagutzeko aukera da, eta, ondorioz, ingurunea euskararen betaurrekoetatik ikustea. Hain zuzen, Nafarroako errealitatea hobeto ulertzeko, Nafarroa bera sakonago ezagutzeko eta Nafarroan osoki bizitzeko gakoa da jakintza hori». Eta inklusiorako baliabidetzat: «Zalantzarik gabe, eredurik inklusiboena da euskarazko eredua». Laburbilduz, euskaraz ikastea kohesiorako baliagarria iruditzen zaio: «Ikastetxeak zabalik daude gizarte are berdinzaleagoa eraikitzeko, Nafarroak euskaratik aniztasuna ulertzeko eta baloratzeko».

Horrenbestez, familiak euskarazko ereduan izena ematera deitu dituzte: «Komunitate zabala osatzen dugula erakusteko eta komunitateko kide izateko gonbidapena egiteko elkartu gara». Azken batean, berdintasunean hazteko eta hezteko aukera eskaini nahi diete haurrei, Bilbaoren hitzetan: «Ikasleen jatorri linguistikoari, ekonomikoari, sozialari edota bestelakoei erreparatu gabe, euskaraz hezten direnean, berdintasunean hazten dira».

Profesionalen lana, bistara

Behin umea euskarazko ereduan matrikulatuta, «eskarmentua» duten profesionalak izango dituztela hitzeman du Bilbaok, baita egiten duten lana goraipatu ere: «Ikaragarria da azken hamarkadotan hezkuntza komunitateak zenbat lan egin duen herritar euskaldun eleaniztunak sortzeko. Harro egoteko moduko profesionalak ditugu, konprometituak, gutxiago duenari gehiago emateko irizpideari jarraituz, baita euskararen gaian ere». Helburu bat buruan dutela dihardute langileek: «Hizkuntzen irakaskuntzan eta pedagogian jardun dute, eta ikasleen hizkuntza beharretara egokitzen dira, baina betiere helburu bera lortzeko: ikasle guztiek derrigorrezko hezkuntza amaitzen dutenean gaitasun aurreratua izan dezatela euskaraz zein gaztelaniaz, bai eta gaitasun egokia hirugarren hizkuntza batean ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.