AZKEN ORDUKOA

Abortatzeko epea hamabi astetik hamalau astera luzatu du Frantziak

Frantziako Parlamentuak abortatzeko epea luzatzeko legea onartu du: 135 diputatu agertu dira alde, eta 47 kontra.

Bob Edme. ABORTUAREN ALDEKO EKINTZA BAT, BAIONAN, APEZPIKUAREN ETXE ATARIAN.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko otsailaren 23a
16:49
Entzun

Emakumeek hamalau asteko epea izanen dute abortatzeko Ipar Euskal Herrian. Gaur onartu du legea Frantziako Parlamentuak; orain arte, hamabi astekoa zen abortatu ahal izateko epea. 135 diputatuk egin dute alde; 47k, berriz, kontra. Legearen defendatzaileek emakumeen eskubideen aurrerapen historikotzat jo dute. Nabarmentzekoa da abortatzeko epea luzatzeaz gain beste neurri batzuk ere biltzen dituela legeak. Batetik, emaginek abortu kirurgikoa egiten ahalko dute ospitaleetan. Bestetik, erremedio bidez abortatzeko epea zazpi astekoa izanen da —orain arte bost astekoa zen—; lehen konfinamendu garaian dekretu bidez epe hori luzatzea onartu zuten, itxialdiaren ondorioz. Gainera, orain arte, abortatu nahi zuten emakumeek bi eguneko «gogoeta epe» bat bete behar zuten derrigorrez ebakuntza egin aurretik; legeak bi eguneko epe hori kendu du. Bestalde, Eskualdeetako Osasun Agentziek abortua praktikatzen duten medikuen zerrenda bat argitaratu beharko dute. Haatik, Frantziako Asanbleak ez du onartu aborturik egin nahi ez duten medikuak babesten dituen kontzientzia klausula.

Albane Gaillot eta Marie-Noelle Battistel diputatuek aitzinera eraman dute lege proiektua. Izan ere, 2020an, abortatzen duten emakumeen inguruko txosten bat landu zuten, eta, ikerketaren arabera, Frantziako Estatuan, urtero, 2.000 emakumetik gora behartuak dira beste herrialde batzuetara joatera abortatzera, hamabi asteko epea pasatua baitute. Hala, 2020ko agorrilean pausatu zuten lege proposamena, epea hamalau astera pasatzeko. Ibilbide biziki luzea izan du lege proiektuak, eta eztabaida sutsuak piztu ditu diputatuen eta senatarien artean. Erraterako, Frantziako Senatuak bi aldiz atzera bota du lege proiektua. Nolanahi ere, Frantziako Asanbleak ukan du azken hitza, eta promulgazioaren beha egon beharko da neurriak zinez indarrean sartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.