M8

Martxoaren 8an «sistemari su ematera» deitu du mugimendu feministak

Manifestazioak eginen dituzte Gasteizen, Bilbon, Donostian, Baionan eta Iruñean, 'Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra' lelopean.

Euskal Herriko mugimendu feministaren prentsaurrekoa, gaur, Iruñean. IñIGO URIZ/ FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko otsailaren 24a
13:41
Entzun

«Sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kapazitista kiskali» nahi du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Errotik erauzi nahi dute egungo eredua, «jendartearen zati handienarentzat eta bereziki emakumeontzat kriminala eta jasanezina» dela iritzita, eta horren gainean «bizitzea merezi duen mundu bat eraiki». Hori lortzeko bidea feminismoa dela aldarrikatuko dute heldu den Martxoaren 8an, Euskal Herriko herrietan eta hiriburuetan eginen dituzten protesta eta manifestazioetan. Aurtengo leloa hau izanen da: Zapaltzen gaituen sistemari sua. Antolakuntza feminista gure garra. Iruñeko Gazteluko plazan aurkeztu dituzte aurtengo M8ko mobilizazioen nondik norakoak.

Egungo sistema iraultzeko bidean, beharrezkotzat jo dituzte elkarlana eta antolakuntza: «Ezinbestekoa da antola gaitezen. Jendarteak indibidualismorantz bultzatzen bagaitu ere, guk lan kolektiboaren aldeko apustua egiten dugu, gutasunetik lan egitekoa, auzo eta herrietako asanbladetan, kolektiboetan, lantokietan, lagun zein auzolagunekin. Hel gaitezen batzuok besteongan, borroka gaitezen batzuk besteengatik, ezagutaraz eta parteka ditzagun borrokak, zapalkuntzak, aldarrikapenak eta proposamenak, urtez urte erakutsi baitugu elkarrekin geldiezinak garela».

Bizitza bera «politizatzera» ere deitu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, «egunerokotasuna borroka eremu bihurtzera». Horregatik guztiagatik, borroka eta aldarrikapen ezberdinen arteko zehar lerroak planteatu dituzte: diskurtso xenofoboak txarretsi eta Atzerritarren Legea baliogabetzeko eskatu diote Espainiari; etxeko lanak eta zaintza lanak «produktiboak eta politikoak» direla aldarrikatu dute, eta nabarmendu egungo zaintza eredua «emakumeen esplotazioan oinarritzen dela, eta, bereziki, emakume migratuenean». Izan ere, egungo sistema «heteropatriarkala, kapitalista eta kolonialista» dela azpimarratu dute: «Kapitalismo estraktibista bukatuko duen jendarte bat eraiki nahi dugu, planetaren suntsiketa geldituko duen beste ekoizpen eta kontsumo eredu bat behar dugulako».

Mobilizazioak lau hiriburutan

Indarrak batzeko xedez, lau manifestazio nagusi antolatu ditu Euskal Herriko Mugimendu Feministak heldu den Martxoaren 8rako. Baionan, elkarretaratzea 18:00etan izango da, Merkatu plazan. Bilbon, 19:30ean hasiko da manifestazioa, Jesusen Bihotza plazatik. Donostian, Antiguako tunelean elkartuko dira feministak, 18:30ean. Gasteizen, manifestaldia 19:00etan abiatuko da, San Anton plazatik, eta Iruñean 20:00etan aterako dira, Antoniutti parketik. Hiriburuez gain, herrietan zein eskualdeetan ere beste hainbat mobilizazio antolatuko dituztela iragarri dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.