REALA 1-3 LEIPZIG

Txuri-urdinak, Europatik kanpo

Realak galdu egin du Leipzigen aurka Anoetan, eta Europa ligatik kanpo geratu da. Alemaniako taldea nagusi izan da lehen ordubetean, eta bi gol sartu ditu. Txuri-urdinek suspertu nahi izan dutenerako, berandu izan da

Alexander Isak, etsita. JON URBE / FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2022ko otsailaren 24a
20:53
Entzun

Realari amaitu zaio Europa ligako ibilbidea. Txuri-urdinek galdu egin dute gaur Anoetan Leipzigen kontra, eta zapuztu egin zaio Europako lehiaketan urrunera iristeko ametsa. Donostiarrak itzuliko neurketari neurria hartu ezinda aritu dira; lehen ordubetean gutxi estutu dute aurkaria, zain egon dira, eta suspertu direnerako berandu izan da. Bigarren urtez segidan, doikuntza kanporaketa gainditu ezinda geratu da.

Reala joaneko partidako antolamendu berarekin zelairatu da; Igor Zubeldiak atzeko lerroa indartuta, Leipzigi utzi dio jokoaren gidaritza. Alemanian baleko emaitza eskuratu zuen, eta presarik ez zuen hasieran. Hala, bisitariek eduki dute baloia hasiera-hasieratik. Txuri-urdinak zer gertatu zain egon dira.

Leipzigek han-hemenka erabili du baloia, baina min handirik egin gabe. Ondo kokatuta zeuden etxekoak; hori bai, donostiarren area zapaltzen zuten aldiro estutasunak sortu dituzte, izan aurrelarien abiadurarengatik, izan Matt Ryanek baloia aldentzerakoan izandako zailtasunengatik.

Hala iragan dira lehen hogei minutuak, Leipzigen aukera bakan batzuekin, harik eta Realak aurrerako urratsa egin duen arte. Metro batzuk irabazi ditu; ez gehiegi, baina bai aurkariaren suhartasuna baretzeko adina.

Lehen zatia itzaltzen ari zenean heldu da kolpea. Jokaldi solte batean Leipzigek erraz egin du txuri-urdinen areara, eta Ryanek lurrera bota du Chris Nkunku. Bisitarien aldeko penaltia adierazi du Anthony Taylor epaileak. Andre Silvaren jaurtiketa geratu egin du Ryanek, baina Willi Orbanek alderatzea baliatu du 0-1ekoa egiteko. Partidako lehen erdian nagusitu izanaren saria eskuratu du Leipzigek 39. minutuan.

Realak bigarren zati osoa zuen markagailua orekatzeko lehendabizi, eta aurretik jartzeko gero. Kontrarioa gehiago estutu behar zuen horretarako, zelai zati bat jan. Presioa aurrerago egitea izan zitekeen aukera bat, baina bigarren zatiaren hasieran ez da halakorik gertatu. Leipzig eroso zegoen soropilean, eta Realari argitasuna falta zitzaion jokoa antolatzerakoan.

Hala ailegatu da bisitarien bigarren gola; Realak zelai erdian baloia zuenean ez du aurrerako urratsa egiten jakin. Alemaniarrek bai, ordea: baloia berreskuratu orduko atea izan dute jo puntuan, eta 58. minutuan Andre Silvak egindako jaurtiketa indartsuak ekarri du 0-2koa. Ordu erdiren faltan, neurketak itxura txarra hartu du Imanolen jokalarientzat.

Suspertzea baldintza, aldaketa bikoitza egin du prestatzaile oriotarrak. Adnan Januzaj sartu du Cristian Porturen ordez, eta David Silvak Robin le Normand ordeztu du. Sasoiko atzelari onena kenduta arriskatzea erabaki du teknikariak.

Aldaketek berehala egin dute efektua: hiru minutu geroago, Martin Zubimendik aldeak murriztu ditu. Taylor epaileak denbora asko igaro du ontzat emateko, baina Reala hazi egin da gola markagailura igo orduko. Bere aukeretan sinesten hasi da, zaleek suspertuta.

Hurrengo minutuetan aurrerako urrats nabarmena egin du Realak, eta biziago ailegatu da aurkariaren areara. Gainera, oraindik bazuen markagailua orekatzeko denbora, hogei minutu baino gehiagoren faltan.

Kontuak zer diren, ordea, minutuek aurrera egin ahala baretu egin da jokoa. Realak nahiari eutsi dio, baina zirrikiturik aurkitu gabe. Imanolek Alexander Sorloth zelairatu du, azken estualdi baterako, baina norvegiarrak huts egin du ate aurrean.

Eta hurrengo jokaldian, Leipzigek hirugarren gola sartu du. Bisitariek erasora egin dutenean, Aritz Elustondok eskuarekin ukitu du baloia, eta bisitariek kanporaketako hirugarren penaltia izan dute aldeko. Oraingoan, lehendabizikoan asmatu dute. Bost minuturen faltan, aukerarik gabe zen Reala, eta etsita, gainera. Atzetik aurrerakoa egiten berandu hasi da, eta garesti ordaindu du. Beste aldi baterako ikasgaia izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.