Lehen arreta

Osakidetzaren arazoa «soziala» dela aldarrikatu dute langileek greban

Sindikatuen arabera lehen mailako arretaren greba jarraipena %70 ingurukoa izan da. Biharko manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.

Lehen arretako langileen protesta Zazpikaleetako Osasun Zentroaren aurrean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Javi West Larrañaga.
2022ko otsailaren 25a
18:58
Entzun

Greba eguna izan dute gaur Osakidetzako lehen mailako arretako langileek, eta protesta egin dute Bilbon, Donostian eta Gasteizen osasun zentroen aurrean, sindikatuek deituta. «Osasungintza publikoa euskal gizartearen altxor handia da, eta ezin dugu onartu gertatzen ari den eraispena», adierazi du SATSE sindikatuko Amaia Mayorrek, eta Osakidetzari hausnartzeko eskatu dio «negoziatzeko jarrera faltari buruz», eta langileek dituzten arazoei buruz.

Sindikatuek jakitera eman dutenez, hamarkada batean «jarraipen handiena» izan duen greba da. Eman dituzten datuen arabera, %70ekoa izan da oro har, eta kategoria guztietan. Osakidetzak, berriz, %29koa izan dela. CCOO sindikatuko Iñigo Barruñok adierazi du hainbat osasun zentrotako arreta gunea itxita egon dela «mundu guztia» greban egon delako. «Argi erakusten du langileak haserre daudela, eta ez daudela berba egiteko momentuan, neurri zehatzak mahai gainean ipintzekoan baizik». Gehitu du Osakidetzak bakarrik greben aurrean erantzuten duela, eta bihar Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo diren manifestazioetan parte hartzeko deia luzatu die herritarrei.

UGTko Ana Vazquezek grebaren jarraipen handia azpimarratu du, eta esan du Osakidetzaren «nagusikeriak» ez daukala mugarik: «Grebak desmobilizatzen saiatu da, dagoeneko sinatuta dauden akordioak atzeratuko dituela mehatxatuz, baina hemen jarraitzen dugu».

Langileen kartelek «Pribatizazioari ez», «Murrizketei ez» eta «Akordio berriaren negoziazioa orain» moduko mezuak errepikatu dituzte. «Auto ofizial gutxiago, eta lehen arreta eta ospitale gehiago», oihukatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.