Osakidetza

Osakidetzaren «etorkizuna» jokoan dela ohartarazi dute sindikatuek

Osasungintza publikoaren alde, manifestazio jendetsuak egin dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Astelehenean Osakidetza osoan deitutako greban parte hartzera deitu dute SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek.

Ehunka lagun bildu dira gaurko manifestazioan, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2022ko otsailaren 26a
16:23
Entzun

Osakidetzarako inbertsio handiagoa eta baliabide zein langile gehiago eskatu dituzte gaur, Bilbon, Donostian eta Gasteizen eguerdian egindako manifestazioetan. SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, greba egin zuten atzo lehen mailako arretan, eta lanuzte «arrakastatsuaren» ondoren, osasungintza publikoaren aldeko mobilizazioetara batu dira herritarrak. Astelehenean, berriz, Osakidetza osoan egingo dute greba. «Osasun sistema publikoaren etorkizuna dago jokoan: lan baldintza duinik gabe ez dago kalitatezko osasun arretarik; mobilizatzeko garaia da», ohartarazi dute sindikatuek.

Bilbon, Jesusen Bihotza plazatik abiatu da manifestazioa. Nik bai sinesten dut osasun publikoan! Lan baldintza duinen alde izan da lelo nagusia, baina pankarta gehiago atera dituzte protestara, Osakidetzaren barruan dauden lan gatazka ugariren adierazle: Gurutzetako larrialdietako langileak, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentrokoena, lehen mailako arretako beharginena... Azken egunotan gizarte eragile ugarik egin dute bat Osakidetzako langileen mobilizazioekin, baina martxetan bereziki presente egon da pentsiodunen mugimenduak.

Sindikatuetako ordezkariek eskertu egin dute gizartearen sostengua, eta pozik agertu dira atzoko grebarekin: «Jarraipena izugarria izan zen, hiru lurraldeetan, kategoria guztietan eta egun osoan; baina Osakidetzak ESIei agindu zien jarraipenaren daturik ez ematea. Langileek argi eta garbi esan dute ezin dutela gehiago jasan egoera hau, eta gizartea gure alboan dago», esan du SATSEko bozeramaile Amaia Mayorrek. ELAko kide Esther Saavedraren iritziz, «Osakidetzaren egoera larriaren adierazle izan zen» ostiraleko lanuztea: «Langileen egoera prekarioa islatu zen. Konponbideak premiazkoak dira. Bestela, mobilizatzen jarraituko dugu; sindikatuok argi dugu, eta Osasun Sailak ere badaki».

CCOOko ordezkari Iñigo Garduñok gogora ekarri du «COVIDa aitzakia hartuta» hainbat zerbitzu murrizten ari direla: «Zentroak eta larrialdiak ixten ari dira, edo, berriki jakin dugunez, Basurtuko ospitaleko kardiologiako kirofanoa. Herritar guztiei eragiten diete murrizketek». «Osakidetzaren prepotentzia» salatu du UGTko kide Ana Vazquezek: «Ez die inolako jaramonik egiten gure aldarrikapenei. Akituta gaude. Osakidetzak irakurketa objektibo bat egin behar du egun hauetako mobilizazioez». Sindikatu guztiek izan dute eskaera bat ahotan: Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzako zuzendaritzak jarrera alda dezaten, eta edukiz bete dezaten mahai sektoriala. Vazquez negoziatu beharraz mintzatu da, baina adostutakoa betetzeaz ere bai: «Uztailean sinatu genuen garapen profesionala berreskuratzeko akordioa, eta oraindik ez dio kasurik egin langile guztiekin duen zor horri. Langileekiko eta mahai sektorialarekiko errespetua eskatzen dugu».

Herritarrekiko aliantza

Aldarri artean egin dute langileek eta herritarrek manifestazioaren bidea: «Osasun publiko kalitatezkoa», «Sailburu entzun, Osakidetza borrokan», «Diskurtso gutxiago, baliabide gehiago»... Bizkaia plazan bukatu da martxa, eta han ere, pankarta guztiak elkartzean, ozen oihukatu dituzte osasungintza publikoaren aldeko leloak. Amaierako ekitaldi politikoan, Saavedrarekin batera, Eneko Pascual LABeko kideak hartu du hitza. Langileek atzoko greban «sekulako indarra» adierazi izana txalotu du, eta dei egin die asteleheneko lanuztean parte hartzeko: «Greba handia izango da. Osakidetzak bere jarrera mugitu beharko du, horretara bultzatzen badugu. Mobilizazioa inoiz baino garrantzitsuagoa da».

Herritarrei ere mintzatu zaie Pascual: «Mobilizazio hauek ez dira soilik lan baldintzen ingurukoak. Langileok eta erabiltzaileak elkarrekin mobilizatzen ari gara gure osasun sistema publikoa hondatzen ari direlako; gure osasun sistema babestuko dugu, interes pribatizatzaileei aurre eginez, inork onura ekonomikorik izan ez dezan». Eta elkarlan hori zabaltzera deitu du: «Esku artean dugun aliantzaren helburua ez da soilik osasun publikoa defendatzea: pentsio, hezkuntza, osasun eta zaintza sistema duinak defendatuko ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.