Zelenskik «berehalako» prozedura bat eskatu dio EBri Ukraina estatu kide bilakatzeko

Von der Leyenek bezperan esan du Ukrainaren bat egitearen alde dagoela, baina ez du egutegirik zehaztu. Michelek azaldu du talde komunitarioko agintarien artean desadostasunak daudela auziaz. Europa ekialdeko zortzi estaturen buruek babestu dute eskaria.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea, egunotan egin duen agerraldietako batean. EFE
ander perez zala
2022ko otsailaren 28a
11:39
Entzun

Urteak dira Ukrainak EB Europako Batasunean sartu nahi duela, baina orain arte ez dute aurrerapauso handirik egin alor horretan. Errusiaren erasoak, baina, egoera alda lezake; edo hori iradoki dute, behintzat, egunotako adierazpenek. Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearentzat, ekialdeko bizilagunaren operazio militarrak ate bat ireki du EBko estatu kide bilakatzeko bidea azkartzeko, eta, hori baliaturik, talde komunitarioari eskatu dio «berehalako» prozedura bat abiatzeko. «Prozesu berezi bat behar dugu herrialdeak bat egiteko», adierazi du gaur goizeko agerraldian.

Zelenskiren iritziz, bere herrialdeak EBko estatu kide bilakatzeko «eskubidea irabazi» du, eta helburutzat jarri du «europarren alboan» egotea: «Ziur naiz posible dela hori egitea». Twitter sare sozialean idatzi duenez, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearekin mintzatu da, eta bi agintariak «Ukrainaren defentsa gaitasunez, finantza laguntzaz eta EBko kidegoaz» aritu dira.

Europa ekialdeko zortzi herrialderen babesa jaso du Zelenskiren eskariak. Bulgariako, Eslovakiako, Esloveniako, Estoniako, Letoniako, Lituaniako, Poloniako eta Txekiar Errepublikako buruek gutun bat argitaratu zuten atzo, Ukraina batasunean berehala sartzeko eskaria babestuz.

Ukraina da EBtik kanpo nolabait gertuen egon den Sobietar Batasun ohiko herrialde bat. Elkartzeko akordioa hitzartua zuten, baina 2013ko azaroaren amaieran hori sinatzeari uko egin zion Viktor Janukovitxek, orduan Ukrainako presidente zenak. Harrezkeroztik, Europako Batzordeak erreformak eskatu dizkio Kievi bestelako pausorik eman baino lehenago: esaterako, oinarrizko eskubideei dagokienez, zuzenbide estatuan, ustelkeriaren eta krimen antolatuaren aurkako borrokan, mugetan eta antolakuntza ekonomikoan.

Eskaturiko aldaketa horiek guztiak egin ez dituzten arren, Zelenskik iradoki du Errusiari aurre egiteko moduetako bat dela Ukraina EBko estatu kide bilakatzea; haren iritziz, hori egitea baita «bidezkoena». Hilabeteotan, Ukrainako estatuburuak talde komunitarioko agintariei behin eta berriz eskatu die erantzun argi bat emateko auzi horren inguruan, baina orain arte ez du halakorik jaso.

«Europarrok jakitun gaude gure soldaduak gure herrialdearen alde ari direla borrokan. Eta, beraz, Europaren alde. Europako herrialde guztien bakearen alde, haurren bizitzaren alde, berdintasunaren alde, demokraziaren alde», adierazi du Zelenskik gaur goizeko agerraldian. Gerora, arratsaldean, talde komunitarioan sartzeko eskari bat sinatu du.

Von der Leyen atzo mintzatu zen Ukrainaren egoeraz, eta zera adierazi zuen Euronews kateari emandako elkarrizketa batean: «Gutako bat da, eta gurekin nahi dugu». Hori bai, Europako Batzordeko presidenteak ez zuen egutegirik zehaztu, ezta argitu ere Ukrainako estatuburuak eskatzen duen prozedura «azkar» hori sortuko duten.

«Badugu prozesu bat Ukrainarekin. Adibidez, bere merkatua merkatu bakarrean sartzearen inguruan. Energiaren alorrean ere badugu lankidetza estu bat. Hortaz, auzi askotan elkarrekin egiten dugu lan», esan zuen Von der Leyenek. Hori bai, herrialdea estatu kide bilakatzeaz, badirudi 27 estatuburuen eta gobernuburuen artean ez dagoela aho batezko iritzirik.

Europako Batzordeko iturriak aipatuz, Efe berri agentziak esan du estatu kide guztiak ez daudela «lerro berean»; Charles Michel Europar Kontseiluko presidentea agintariekin aztertzen ari da «zer eskaini» Ukrainari, estatuburuetako eta gobernuburuetako batzuk «arretatsu» izaten ari baitira. Hau da, desadostasunak daudela auziaz aritzean.

Hain justu, Frantziako BFMTV katean, Michelek jakinarazi du Zelenski «erregularki» gonbidatuko dutela Europar Kontseiluaren goi bilkuretara —EBko estatu kideetako agintariak elkartzen dira horietan—. Aldiz, Ukraina estatu kide bilakatzeaz, Europar Kontseiluko presidenteak adierazi du horri buruzko eztabaida izango dutela, baina ez du xehetasun gehiagorik eman.

Eskariaren oztopoak

Zelenskik eskatu duen prozedura azkarra ez da existitzen, eta, hortaz, berritasun esanguratsu bat izango litzateke Bruselak hori onartzea. Hori bai, gaur-gaurkoz, oso zaila dirudi estatu kideek baiezkoa ematea prozesu horri.

EBko estatu kide bilakatzeko prozesuan, hainbat maila zehaztu zituen talde komunitarioak, eta, gaur egun, Ukraina ez dago bigarrenean ere; horretan dauden herrialdeek «balizko hautagai» estatusa dute —Bosnia eta Herzegovinak eta Kosovok—, eta lehen mailan daudenak, berriz, «bat egiteko hautagaiak» dira.

Hau da, talde komunitarioan sartzeko prozesuan aurrera egiten ari diren herrialdeen artean Mendebaldeko Balkanetakoak daude, eta horiek ere gatazka larri bat jasandakoak dira. Gainera, urteotan Europako Batzordeak exijituriko zenbait pauso eman dituzte, horietako asko Ukrainak oraindik eman ez dituenak; hortaz, Kievi bidea azkartzeak gainontzeko hautagaien haserrea eragin lezake.

Gainera, EBko estatu kideetako agintari asko talde komunitarioa berriz ere zabaltzearen kontra agertu dira —oraingoz, behintzat—, azken hedapena «azkarregi» egin zela uste baitute. 2004an izan zen, eta hamar herrialde batu ziren: Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Hungaria, Letonia, Lituania, Malta, Polonia, Txekia eta Zipre.

Harrez geroztik beste hiru sartu dira —Bulgaria, Errumania eta Kroazia—, eta bat, atera —Erresuma Batua—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.