Errusiak interes tasak bikoiztu ditu, errubloari eutsi nahian

Banku zentralak %20ra igo ditu interes tasak, eta Moskuko Burtsaren jarduna eten du bihar arte. Mendebaldeak iragarritako zigor ekonomikoek gogor jo dute Errusiako finantza sistema, baina eragina dute Europan bertan ere.  Putinek dibisak atzerriratzeko debekua ezarri die bere herritarrei

Moskuko hiritarrak gaur Sberbank bankuaren bulego batean. MAXIM SHIPENKOV / EFE
Irune Lasa.
2022ko otsailaren 28a
12:54
Entzun

Zaila da neurtzen zenbaterainoko kaltea egin diezaieketen Mendebaldeak asteburuan iragarritako zigor ekonomikoek Errusiako finantza sistemari eta ekonomiari. Eta beste hainbeste gertatzen da neurri horiek eta Errusiak berak har ditzakeenak adibidez Europako gas hornikuntzan zenbat igarriko diren neurtzeko garaian.

Arratsaldean, Vladimir Putinek dibisak atzerriratzeko debekua ezarri die bere herritarrei, atzerriko maileguak ordaintzekoak barne. Ez dago argi debeku horretan sartzen den herrialdearen zor subiranoa. Hala balitz, Errusia ordainketa etenaldian sartu dela esan nahiko luke.

Era berean, Moskun lanpetuta dabil Errusiako Banku Zentrala. Moskuko burtsa ez da zabaldu gaur, eta interes tasak %20ra igo ditu (%9,5etik), errubloaren balioari eutsi nahian. Kanpoko dibisa merkatuetan dolarrarekiko %30erainoko galera pairatzen ari zen errubloa, eta banku zentralak hiru orduz atzeratu ditu bere dibisa operazioak. Zabaldu dituenean, errubloaren Moskuko kotizazioaren eta kanpokoaren aldea izugarria zen, atzerritik zetozen operazioak eten direlako. Gerora, tartea txikitu egin da, eta dolarrarekiko errubloaren galera %17koa zen Moskun.

Errusiako Banku Zentralak zenbaterainoko ahalmena du herrialdeko finantza sistemari eusteko? Herrialdeak, berez 360.000 milioiren erreserbak ditu (dolarretan neurtuta), petrolio eta gas garestiei esker. Baina horien zati handienerako bidea moztu diote Errusiari, likidezia bilatzeko banku zentralaren mugimenduak galaraziz.

Zaila zaio Errusiatik kanpo dituen erreserbak erabiltzea, eta baita gorde duen urrea saltzea ere. Paria bihurtu nahi duten herrialdearekin tratuak egiteko irrikaz daudenak ere ez dira hainbeste ziurgabetasunez betetako egunotan. Hori bai, erreserben zati bat (%13-14 inguru) Txinan luke Errusiak, yuanetan. Zeharkako operazioak eginez, horiek erabiltzeko aukera luke.

Zabalik duen beste dirubide bat, itxura denez, gasarena da. Alemaniako Ekonomia Ministerioko eledun batek Reutersi esandakoaren arabera, herrialdeak oraindik badu modua bere gas fakturak (Errusiari) ordaintzeko, nahiz eta Errusiako banku nagusiak SWIFT sistematik kanpo geratu diren.

Errusia SWIFTetik kanporatzea eta herrialdeko banku zentralari mugimenduak galaraztea dira Mendebaldeko herrialdeen zigor ekonomiko nagusiak. Eta horiek eragina dute Mendebaldean bertan ere.

Egia da, Errusiako konpainien eta bankuen kotizazioak amildu egin dira nazioarteko burtsetan. Gazprom, Lukoil, Sberbank, VTB... Baina ez dira bakarrak. Berdin gertatu da Errusiarekiko esposizio handia duten Europako banku eta enpresekin ere. Dena den, badaude burtsan balioa handitu duten konpainiak ere: adibidez, Alemaniako armagintza enpresak, Rheinmetall tankegilea, Hensoldt zaintza sistema ekoizlea, eta Thyssenkrupp, itsaspekoak egiten dituen enpresa bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.