Mendebaldeko enpresak Errusia uzten ari dira

Hainbat petrolio enpresak iragarri dute Errusiako konpainietan zituzten parte hartzeak salduko dituztela. Maerskek ere Errusiara ondasunak garraiatzeari utziko dio.

Maersk ontzijabearen itsasontzi bat. AXEL SCHUETT / EFE
Iker Aranburu.
2022ko martxoaren 1a
11:40
Entzun

BP, Shell, Equinor, Total Energies... Egunetik egunera gehiago dira Errusian dituzten inbertsioak utzi edo gutxitu egingo dituztela iragarri duten Mendebaldeko enpresak, dela herrialde horretan negozioak egitea oso zaila bihurtu delako, dela Ukrainaren inbasioaren aurkako protestagatik.

BPk (British Petroleum ohia) ireki zuen dantza igandean, iragarri zuenean Errusiako Rosneft enpresan duen %20 saldu egingo duela. Erabaki horrek, gauzatzen denean, koska handia egingo dio Ingalaterrako konpainiari, Errusiatik lortzen baitu haren gasaren eta petrolioaren heren bat.

Haren ondoren, astelehenean, Shellek jakinarazi zuen Errusiako Gazprom konpainia publikoarekin zituen loturak hautsi egingo zituela, «eraso militar zentzugabea» salatzeko. Nord Stream 2 gasbidean bazkide dira bi konpainiak. Erabakia txalotu du Erresuma Batuko Enpresa idazkariak, Kwasi Kwarterngek: «Erresuma Batuko konpainiek betebehar moral handia dute Errusia bakartzeko. Inbasioak akats estrategi bat izan behar du Putinentzat».

Frantziako Gobernua ere bere petrolio konpainiak presionatzen aritu da, eta, horren ondorioz, Total Energiesek jakinarazi du ez duela diru gehiago jarriko Errusian dituen proiektuetan. Ez du, ordea, Errusia erabat utziko. 2020an bere petrolioaren eta gasaren %16 Errusiako putzuetatik atera zuen Frantziako enpresak.

Total Energiesek iragarri du ahaleginak egiten ari dela Ukrainako armadara eta gobernuari erregaia hornitzeko, eta errefuxiatuei laguntza emango diela.

Norvegiako Equinorrek ere erabaki du Errusian dituen aldi baterako enpresa elkarteak utzi egingo dituela. Herrialde hartako funts subiranoak, munduko handienak, Errusian dituen ondasunak izoztu ditu, eta iragarri du martxoaren 25erako herrialde hartatik ateratzeko plan bat indarrean jarriko duela.

Soviet Batasuna desegin zenean, 1991n, Mendebaldeko konpainiak erruz iritsi ziren haren kide izandako errepubliketara, eta Errusiara bereziki. Hidrokarburoen ustiapenean buru-belarri sartu dira BP, Shell, Total, Exxon eta gainerakoak, normalean, Errusiako konpainien bazkide gisa, ahalmen teknologiko handiagoa dutelako.

Maerskek ere ontziak geratu ditu

Petroliontziek eta gasontziek ez dute Errusiako portuetara joan nahi, zigorpean dauden bankuekin lan egitea konplexua delako, eta finantza entitateek eta aseguru etxeek ez dutelako dirurik arriskatu nahi salerosketa horietan.

Karga ontzien trafikoa ere murriztu egin da azken egunotan, eta are gehiago murriztuko da hurrengoetan, Maersk ontzi jabeak iragarri baitu ez duela Errusiara ontzirik eramango, ezta handik ezer ekarriko ere. Salbuespen batzuk izango dira, ordea: elikagaienak, sendagaienak eta laguntza humanitarioa.

Danimarkako konpainia da Maersk, eta itsasoz egiten den garraioaren %20 egiten du. Europan lehiakiderik handiena Mediterranean Shipping Company du, Italiako eta Suitzako enpresa bat. Errusian interes handiak ditu Maerskek. Harena da Global Portsen %30, eta azken hori edukiontzien bost terminalen jabe da Errusian.

Autogintzan ere, motorrak geratzen

Autogintzara ere iritsi dira Errusiarekin loturak mozteko presioak. Daimler Truck konpainiak (Mercedes kamioien egileak) iragarri du Errusian negozioak egiteari utziko diola, eta auzitan jarri du Kamaz kamioigile errusiarrarekin partekatzen duen konpainia.

Volvo Car autogileak eta Volvo AB kamioigileak jakinarazi dute Errusian saltzeari eta ekoizteari utziko diotela, eta Harley Davidson motorgileak ere salmentak eten ditu.

Ikusteko dago zer gertatuko den Renaultekin. Frantziako konpainiak interes handiak ditu herrialde horretan, Avto Vaz Errusiako adarraren %68aren jabe baita, eta haren markak, Lada, Errusiako merkatuaren %20 bereganatzen du. Gainera, Renaultek hainbat modelo egiten ditu Moskuko plantan. Frantzia da Renaulten akziodun nagusietako bat, akzioen %15,01 baititu.

AEBetako autogileei dagokienez, General Motorsek esportazioak geratu ditu, eta Fordek iragarri du jarraitu egingo duela furgonetak egiten Sollers bazkide errusiarrarekin.

Mendebaldeko izen handiko konpainiek ez ezik, enpresa txikiagoek ere arazoak izango dituzte orain Errusian negozioak egiteko, Europako Batasunak SWIFT nazioarteko ordainketak egiteko sistematik kanpo jarri baititu Errusiako banku gehienak.

Herritar arruntentzat ere hasi dira arazoak, EBn eta AEBen zigorren ondorioz. Errusian funtzionatzeari utzi diote Appleren eta Googleren ordainketa sistemek, eta haien erabiltzaileen ezinak ilara handiak eragin ditu Moskuko metroan. Gainera, atzerrian dauden turista errusiarrek jada ezin dituzte beren kreditu eta ordainketa txartelak erabili zigortuta dauden bankuetako bezero badira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.