Industria

Arcelorrek ostegunean piztuko ditu Sestaoko labeak

Bi hilabeteko etenaren ondoren, eguneko hiru txandak jarriko ditu martxan altzairutegian. Hilabetean 45.000 tona altzairu ekoiztea da zuzendaritzaren asmoa.

Arcelor Mittalek Sestaon duen altzairutegi kanpoko biltegia. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko martxoaren 1a
13:12
Entzun

Arcelor Mittalek Sestaon duen altzairutegia (Bizkaia) ostegunean hasiko da berriz ere lanean. Abenduaren 7az geroztik itzalita egon ondoren, berriz ere piztuko dituzte labeak, eta enpresaren asmoa da astean 45.000 tona altzairu ekoiztea. Sindikatuetako iturriek jakinarazi dutenez, enpresak gaur eman die asmoen berri, eta Ā«ahalik eta bizkorrenĀ» urtzen hastea da helburua.

Hiru txandatan hasiko dira lanean, 45.000 tona horiek egun izan dezaketen ekoizpen mailarik altuena baita. Erabaki horrekin, ACBren inguruan egon diren zalantzen zati bat uxatu du zuzendaritzak. Abenduan, mantenu lanetarako urteroko lanuztea egin zuen enpresak, eta, bide batez, bigarren lerroa pizteko berrikuntza lanei ekin zien. Etena, baina, espero baino hilabete luzeagoa izan da, energiaren kostuengatik itzulera data atzeratu baitu enpresak.

Azken asteetan, sindikatuak eta enpresak aldi baterako lan erregulazio bat ezartzeko modua aztertzen aritu dira, baina akordiorik gabe. Iragan abenduan berrogei langileren kontratua eten nahi zuela jakinarazi zuen enpresak, gehienak 60 urtetik gorakoak. Negoziazio epea hasita dago. Egun, kontratu mugagabedun 268 langilek dihardute ACBn, eta lan askoko garaietan behin-behineko berrehun langile inguru kontratatu izan ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.