Innobasqueren tartea

Berrikuntza boterea da

Datuen bilketa eta analisiak aukera ematen du edozein fabrikaren efizientzia hobetzeko baliabideak handitu gabe, eta Zituk abantaila lehiakor hori eskaintzen die mekanizazio tailerrei, adimen artifizialaren eta dagoeneko Innobasqueren Kasu Praktikoen Bankuaren parte den software baten bidez.

Zituk software berezi bat garatu du mekanizazio-tailerrentzat. INNOBASUE
2022ko martxoaren 1a
15:41
Entzun

Francis Baconek informazioa boterea zela esan zuenean, ez zen gai kalkulatzeko teknologia berriek zer tamaina eman ahal dioten baieztapen horri. Gaur egun, informazioari datu esaten diogu, eta ez dute soilik pertsonek ematen. Makinek ere ematen dute, eta, gainera, modu automatikoan, produkziobolumenaren erregistro «sinplearekin» edo sentsoreen neurketekin. Digitalizazioak zuzeneko informazio zehatza ematen du makina bakoitzaren jokabideari buruz, eta horrek aukera ematen du errendimendua monitorizatzeko eta produkzioa eten dezaketen arazoei aurrea hartzeko. Hau da, datuak modu egokian bildu eta kudeatzeak enpresa baliabideen kudeaketa hobetzea dakar... Eta hori ez bada boterea, etor dadila Bacon bera.

Zitu da jarduera ETE-ei digitalizazioa euren funtzionamenduan txertatzen laguntzean oinarritu den Euskadiko enpresetako bat. Zituk software berezi bat garatu du mekanizazio tailerrentzat, 4.0 industriaren abantaila guztiak izan ditzaten. ERIS mekanizazio sektoreko bezero baten beharretik sortu zen, makinak monitorizatu nahi baitzituen. Lortutako garapenak anbizio handiagoko proiektu bat ekarri zuen Eusko Jaurlaritzaren Hazitek programaren esparruan, eta emaitza Eris izan zen, makinak zuzenean monitorizatzen dituen software bat. Horrez gain, fabrikazio prozesuaren datuekin lotzen da, eta, horri esker, produkzio prozesu osoaren ikuspegi orokorra ematen du. Eris tresnaren garapenean zehar, Zitu Geminis Lathes enpresarekin aritu zen lankidetzan. Lankidetza horri esker, Erisen funtzionalitateak hobetu egin ziren, eta sektoreko behar eta arazoei modu egokiagoan erantzuten dien software bat eskaini zen. Makina-erremintaren fabrikatzailearekiko lankidetza estuaren ondorioz, Geminis enpresak Eris aurkeztu zuen 2018ko BIEMH bienalean.

Lehen ezarpenen emaitza onek merkatu nitxo berriak bilatzera eraman zuten 2019an Zitu. Hau da, enpresa handien antzera digitalizatzeko beharra duten ETE-ei lagundu nahi zien, baliabide mugatuen ondorioz huts egiteko aukerarik ez dutenei. Dagoeneko esperientzia duen norbaiten laguntzaz eman behar dute pausoa, eta, gainera, teknologia euren behar zehatzetara egokitu behar da.

Kasu honetan, laguntza jaso dezaketen enpresak mekanizazio tailerrak dira, non maiz makinek ez duten lortzen potentzial osoa garatzea. Batzuetan erraza da akatsa aurkitu eta zuzentzea, baina beste batzuetan arazoaren jatorria X espediente bat bihurtzen da. Bestalde, bigarren baldintza, teknologia beharretara egokitzea, bezero bakoitzaren baldintzen araberako online plataforma baten garapenean eta adimen artifizialean espezializatutako bi enpresarekiko lankidetzan (Skootik eta AlchemyML) oinarrituta dago, mugarik ez duela dirudien arlo batean funtzionalitate berriak garatzeko.

Beraz, Zituk lortu du tailerrek bitarteko gailuak edukitzea, makina guztiak (seinaleak, fabrikatzailea edo funtzioa gorabehera) lotuta baitaude kudeaketa tresna bakarrean, eta horrek lantokian gertatzen den guztiaren ikuspegi garbi eta orokorra ematen du edozein gailutatik. Gertatzen dena... eta gerta litekeena: izan ere, datuen analisiak aukera ematen du, adibidez, aurreikusteko noiz doitu beharko den makina bat, behar hori prezisio murrizketa edo kalitate txikiko pieza bihurtu aurretik. Azken finean, Erisek produkzioa hobetzen du, baliabideak areagotu gabe.

Merkatuaren emaitzak eta dagoeneko tresna hori duten enpresen iritziak produktua dibertsifikatzera animatu dute Zitu, eta beste sektore batzuetarako konponbideak ari da garatzen hainbat erreferenterekin: Batz plastikoaren injekzioaren sektorean, Plastigaur plastikoaren estrusioan, TTT Goiko tratamendu termikoen sektorean eta IMH fabrikazio gehigarrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.