Ukraina «bakarrik ez uzteko» eskatu dio Zelenskik EBri

Ukrainarren balioak Europako Batasunaren balioak direla gogorarazi du Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, bideo dei bidez Europako Parlamentuan egindako agerraldian. Gogor mintzatu da Vladimir Putin Errusiako agintariaren aurka. 

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen agerraldia, Europako Parlamentuan. STEPHANIE LECOCQ / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko martxoaren 1a
15:52
Entzun

Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik, bideo dei bidez, diskurtso laburra baina zehatza egin du Europako Batasuneko goi agintarien eta ordezkarien aurrean. «Gure bizitza ematen ari gara askatasuna defendatzeko. Gure balioak Europaren balioak dira. Zuek bezalakoak gara», esan du, eta Ukraina EBn «ahalik eta lasterren» sartzeko aldarria ere egin du: «Europako kide izateko ere ari gara borrokan». Bonben eta misilen azpian daudela gogorarazi du Zelenskik, eta Errusiak egindako erasoetan zibilak eta haurrak hil direla salatu.

Egoerak gainditu egin dituela aitortu du: «Gertatzen ari dena sarraski bat da gure herrialdearentzat. Milaka lagun hil dira duela bost egun inbasioa hasi zenetik. Ukrainak eta gure herritarrek, ordea, harro sentitu behar dute. Zuek duzuen askatasunagatik borrokatzen ari gara». Era berean, Vladimir Putin Errusiako presidentearen hitzak gaitzetsi ditu, eta gogor jo du haren aurka: «Atzo hamasei haur hil zituzten, eta Putinek esaten jarraituko du operazio militar bat dela».

Ikusi gehiago. Maite Zelaia: «Ez da bideragarria Ukraina Europako Batasunean sartzea»

Nolanahi ere, presidentea itxaropentsu azaldu da Ukrainaren etorkizunari begira, EBko herrialde guztiak «elkartuta» daudelako. «Europarako norabidea da gurea. Ukraina Europarako bidean da», nabarmendu du.

Ukrainako agintariak mezu honekin amaitu du agerraldia: «Europaren babesik gabe, jausi egingo gara. Ez gaitzazue bakarrik utzi. Bizitzak heriotza mendean har dezala». Txaloen artean agurtu du parlamentuak Zelenski, Ukrainako banderaren koloreak nonahi ageri zirela.

Zelenski mintzatu aurretik, Roberta Metsola ganberako presidenteak hitz egin du: «Ukrainakoa mehatxu bat da ezagutzen dugun Europarentzat. Ezin dugu halako mendekotasuna izan Errusiako gasarekiko; gure energia iturriak dibertsifikatzen hasi behar dugu». Honako hau ere gehitu du: «Europaren mezua argia da: ez dugu beste aldera begiratuko». «Kremlinen desinformazio kanpainen» aurka ere jo du, eta aurre egin behar zaiela nabarmendu.

EBk, berriz, hitzeman du 500 milioi euro bideratuko dituela Ukrainara laguntza humanitarioa bidaltzeko. Hala iragarri du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak: «Ukrainaren etorkizuna dago jokoan, baina gurea ere bai. Gure demokraziek duten indarra erakutsi behar dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.